EAJ: "Bilduk ez du ausardiarik herritarrei esateko bidesarietan nahiz zerga berezi batean oinarritutako sistema ezarri nahi duela"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko ekainaren 28a

Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok PPren jarrera ere kritikatu du: “Bilduk ezkutatzeko estrategia du eta PP laguntzen ari zaio. Horrenbestez, talde txostengilea zentzugabekeria hutsa bihurtu da”.

Goizean egin dute agerraldia Markel Olano –EAJko batzarkide taldearen bozeramailea– eta Aintzane Oiarbidek – jeltzaleen batzarkide eta talde txostengilean ordezkaria– eta talde txostengilea irailaren hirura arte atzeratzeko erabakiaren gaineko iritzia eman dute: “Bilduk, PPk eta Aralarrek talde txostengilearen amaiera irailera atzeratzearen alde egin dute eta, ondorioz, taldea bera noraezera eraman dute”.

Olanok adierazi du Bilduk "bidesarietan nahiz zerga berezi batean oinarritutako sistema ezarri" nahi duela, baina ez duela nahi "herritarrek erabaki horrekin lotzea". Hori "onartezina" da bere iritziz, eta horri gehitu dio Bilduk ez duela "ausardiarik herritarrei esateko sistema hori ezarri" nahi duela, neurria ez delako izango herritarren "gustukoa". 

"Bildu 'bidesaririk ez' lelotik 'bidesariak bai' lelora pasa da"

Halaber, jeltzaleen bozeramaileak ezker abertzaleari egotzi dio erabakiak aldez aurretik pentsatu gabe hartzea: "Orain arte bidesarien aurkako jarrera izan du –Etxegaratekoa barne–; orain, ordea, beste muturrera pasa da eta gaitasun handiko errepideetan bidesariak nahiz zerga berezia ezartzearen aldekoa da. Hau da, bidesaririk ez lelotik, bidesariak bai eta zerga berezia ere bai lelora pasa da”.

"Ezkutatzeko estrategia" da Bilduk esku artean duena, Olanoren esanetan, eta PP du "bidelagun": "Guk ez diogu lagunduko, PPk, ordea, bai. Talde popularraren jarrera horrek talde txostengilea zentzugabe bihurtu du”.

"Talde txostengilearen atzerapena zertarako?"

Aintzane Oiarbidek ez du ulertzen, zertarako eskatu duten talde txostengilearen atzerapena “Bilduk, PP eta Aralar taldeen babesarekin, talde txostengilea martxan jarri zuen legealdiaren hasieran, inongo azterketarik egin gabe, bidesarien aurka zegoelako. Erabaki horren ondorioz, talde txostengileak ez du norabiderik izan eta ez du ezer lortu; izan ere, hirukote proposatzaileak ez du akordiorik lortu. Are gehiago, dokumentu askeak aurkeztu dituzte lehengo talde txostengilea ordezkatzeko, hau da, adarra jotzen aritu dira”.

Azkenik, Aintzane Oiarbidek "Larraitz Ugarte foru diputatuak atzera egiteko asmorik ez izatea" salatu du: “Ugarte foru diputatuak jarrera harroputza izan du eta Batzar Nagusiei errespetua galdu die. Ez du proposamenik aurkeztu lurraldeko bide-azpiegituren mantenurako nahiz finantzaketa sistema zehazteko”. Eta horrek guztiak, Oiarbideren ustez, ondorio zehatza du: “Gipuzkoarrok soilik jarraituko dugu lurraldeko errepideen mantenimendua ordaintzen”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak