Aldarrikapena eta festa biharko Fan Hemendik! egunean

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko ekainaren 29a

Trikipoteoa eguerdian, kontzertuak, bazkaria eta manifestazioa. 19:00tan abaituko da manifestazioa herriko plazatik, Guardia Zibila joateko eskatzeko.

Aldarrikapena eta festa. Biak uztartuko dituzte bihar Oñatin egingo duten bigarren Fan Hemendik! egunean. Izan ere, festa giroan eskatuko dute Guardia Zibilak Euskal Herria uztea.

400 lagun bazkaltzeko
Fan Hemendik! batzordea pozik dago biharko egunak izan duen harrerarekin. “Bazkarirako, 400 txartel atera ditugu eta ia denak saldu dira. Sekulakoa izan da. Joan den urtean 200 lagun elkartu ginen. Oso pozik gaude”, dio Iñaki Guridik, Fan Hemendik! batzordeko kideak.

Bazkaria batzordeko kideek egingo dute, plazako frontoian, eta berdura azokan bazkalduko dute, 14:30ean. Eta frontoian egongo dira, hain zuzen, txosna eta iluntzeko kontzertuan joko duten taldeendako eszenatokia.

19:00tan manifestazioa
Kontzertuen aurretik, baina, manifestazioa egingo dute. "Hitzetatik ekintzetara pasa da orain jendea. Herritar asko zegoen Guardia Zibila hemen egotearen kontra, baina isilik. Eta orain ekintzetara pasatzeko salto kualitatiboa eman du Fan Hemendik! batzordeak, horrek ekar ditzakeen ondorio guztiekin. Debagoiendar guztiak gonbidatzen ditugu bihar 19:00tan Oñatiko plazatik irtengo den manifestaziora”, gehitu du Guridik.

Duela urte batzuk baino hurbilago ikusten dute egun hori Fan Hemendik! batzordeko kideek. “Egoera politikoa aldatu egin da. Alde bateko indarkeria bukatu da, baina bestekoak jarraitzen du oraindik. Arazoa globala da. Aro berri honetan esparru asko landu behar dira, eta horietako bat izan beharko litzateke indar okupatzaileak, Guardia Zibilak kasu, Euskal Herria uztea”, azaldu du Iñaki Guridik.

Maletak zintzilik

2010aren bukaeran sortu zen Oñatiko Fan Hemendik! batzordea. Iazko aldarrikapen egunean maleta batzuk zintzilikatu zituzten herriko hainbat puntutan, horrek duen konnotazioa azaldu guran. Eta ideia horrek adibide gehiago izango dituela aurreratu dute batzordeko kideek. Maleten ideia azalera ekarri zuen La Razón egunkariak. “Oñatiko Udalaren kontrako kanpaina egiteko erabili zuten hori, baina udalarengandik desmarkatuta gaude, gurea aldarrikapen zehatza da”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak