Berrordainketa ez da jarriko martxan Erkidegoan

Goiatz Arana Begiristain 2012ko eka. 27a, 13:40

Domekan, uztailak 1, jarriko da indarrean botiken berrordainketa Espainia ia denean.  Berdin egingo dute Nafarroan ere, aldiz, EAEn ez da berrordainketarik aplikatuko. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak botiken doakotasuna zabaldu du: prestaziorik gabe geratzen diren langabetuek eta pentsio ez-kontributiboa (asistentziala) jasotzen duten pentsiodunek ez dute ezer ordaindu beharrik izango.

Eusko Jaurlaritzak Madrilek agindutako osasun publikoko murrizketei aurre egiteko dekretua onartu du. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleei doako osasun sistema unibertsala bermatuko die eta botiken doakotasuna zabalduko du krisi ekonomikoa pairatzen ari diren sektoreetara (denbora luzean langabezian dauden pertsonak eta gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak).

Rafael Bengoa Osasun sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak neurri horiek hartzeko eskumena duela: "Legediak neurri horiek hartzeko aukera ematen du eta aukera hori baliatu baino ez dugu egin". Bestalde, nabarmendu du dekretua babesteko aurrekontua badagoela eta ez duela eraginik izango Eusko Jaurlaritzak defizita txikitzeko duen planean; Jaurlaritzak uste du neurriak hiru milioi euroko kostua izango duela urtean.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle guztiek larrialdi zerbitzuetara jotzeko eskubidea izango dute, baina ohiko osasun sistemara jotzeko gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte: lehena da Araba, Bizkaia edo Gipuzkoan gutxienez urtebetez erroldatuta egotea; bigarrena, gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta edo horien pareko diru sarrerak izatea; eta hirugarrena, beste osasun sistema publiko baterako sarbiderik ez izatea.

EAEko herritar batek kanpoan erosten badu sendagaia, ordaindutako gehigarria bueltan jasotzeko eskubidea izango du.

Nafarroan bai

Eusko Jaurlaritzak ez bezala, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi du Espainiako Gobernuak Madrilen onartu duen errege dekretu bera aplikatuko duela. Espainiako Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak 456 sendagairen zerrenda proposatuko du finantzaketa publikotik kentzeko. Ana Mato Osasun ministroaren arabera, "neurri horrek Osasun Sistema Nazionalean 440 milioi euro aurreztea" eragingo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak