Kostaldean tenperatura maximoak 35 ºgradu ingurukoak izatea espero da eta Kantauri barnealdean 37 gradu ingurukoak.
Euskalmeten iragarpenak dioenez, zerua hodei gutxirekin egongo da egunaren lehen zatian, baina arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira eta zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botatzeko probabilitate handia izango da, barnealdean eta ekialdean, batez ere. Hego ukituko haizea ibiliko da eta tenperatura maximoak igo egingo dira.
Eguzkitatik babesteko neurriak hartzea aholkatu dute adituek:
- Likido asko edan, batez ere, ura.
- Ez itxoin egarria izan arte edateko.
- Alkohola, kafeina edo azukre gehiegi duten edariak saihestu.
- Jatordu arinak egin: entsaladak, berdurak, fruta...
- Etxeko leihoak itxi eta jaitsi eguzkia ematen duten aldeko pertsianak.
- Arropa arina eta kolore argikoak jantzi. Oinetako eroso eta freskoak erabili.
- Eguzkiak gehien jotzen duen orduetan kalera ez irten. Eta irtetekotan, eguzkitako betaurrekoak eta burua estaltzeko zerbait hartu.
- Nagusiak eta umeak zaindu behar dira, bereziki.
Eguenean, tenperaturak jaisten
Eguerdi partera arte zerua hodei gutxirekin egongo da, baina arratsaldean ugaritu egingo dira lainoak, bereziki Kantauri isurialdean; edozein kasutan, euria egiteko probabilitatea txikia izango da. Hego ukituko haizeak ipar-mendebaldera egingo du eguerdi alderako eta horrek tenperatura maximoen jaitsiera eragingo du; minimoetan, ez da aldaketa handirik izango.
Berdin egubakoitzean ere
Zerua tarteka hodeitsu egongo da. Norabide aldakorreko haizea ibiliko da, ipar-osagaia nagusituz. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez da izango eta maximoek beheranzko bidean jarraituko dute.