Fátima Báñez Lan eta Gizarte Segurantzako ministroa izan da Alares 2012 Sari Nazionalen VI. Galaren buru, atzo goizean Madrilen egin zuten ekitaldian. Gemma Zabaleta sailburua han izan zen.
Alares sariak familia- eta lan-bizitza bateratzeko politikak egiten dituzten erakundeen lana aitortzen du, betiere politika horiek bizi-kalitatea hobetu eta enpresak lehiakorrago egiten laguntzen badute. Ikertzeko, premiak atzemateko eta XXI. mendeko enpresei eta langileei bide berriak irekitzeko Euskadin egin diren gobernu-politikak saritu ditu Alares Fundazioak edizio honetan.
Aurreko edizioetan, Alares Fundazioaren Sariak erreferentziazko sariak izan dira Uztartzearen, Bizi Kalitatearen eta Enpresa Lehiakortasunaren alorrean Espainian.
Saria emateko ekitaldian, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak nabarmendu du familia- eta lan-bizitza uztartzeko politika publikoek laguntzen dutela “langileen eta horien familien bizi-kalitatea hobetzen, eta, era berean, gure enpresen lehiakortasuna handitzen dute gogobetetzea eta lan-motibazioa handiagoa delako. Motibazio horrek bultzatzen gaitu etorkizunera begira”.
Hemendik eta 2015era arte
Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila 2015era bitarte indarrean egongo den Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Planean biltzen diren hainbat neurri garatzen ari da.
Jaurlaritzaren Plan hori familiei laguntzen dieten eta familien autonomia bultzatzen duten zerbitzuak, neurriak eta uztartze-politikak sustatzera zuzenduta dago.
Hona hemen zenbait:
• Familia- eta lan-bizitza uztartzeko laguntzei buruzko dekretuei eustea.
• euskadi.net/concilia+. Webgunea garatzea. Bateratu+ aplikazioak hainbat formula eskaintzen ditu langile eta enpresen premietara
egokitutako lanaldia finkatzeko. Hona hemen zenbait formula: ordutegi malgua, otorduetarako denbora murriztea, lanaldi konprimitua, lanaldi trinkoa udan, job sharing edo lanaldi partekatua eta ordu-poltsa.
• Espainiako ordutegiak arrazionalizatzeko VI. Biltzar Nazionala antolatzea.
• Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzako eta ostalaritzako ordutegi-malgutasunari buruzko azterlana.
• Lan-ordutegiaren eredu berri bat Euskal Autonomia Erkidegoko lau enpresatan ezartzeko metodologia aplikatzeari buruzko programa pilotu bat.
• Ordutegiak arrazionalizatzeko neurriak ezartzeko metodologia bat garatzea enpresetan.