Jon Maia: "Gazta oso benetakoa, artisaua, arima handikoa irten zait"

Txomin Madina Milikua 2012ko eka. 28a, 02:00

Urretxun jaiotako zumaiarrak 'Gazta zati bat' dokumentala estreinatu berri du aretoetan; egun, urruti geratzen da bertsolaritzagatik bakarrik ezaguna zen garaia.

1. Zein zaporetakoa irten zaizu  gazta zatia?

Berri samarra da, oso benetakoa, artisaua eta arima handikoa. Berria den arren hiru urte egon da ontzen: kosta da, baina merezi izan du.

2. Nori gomendatuko zenioke gazta zati hori dastatzea?

Orain arte probatu nahi izan ez dutenei; esaterako, alderdi sozialista zein popularrekoi. Seguru nago gustatuko zaiela eta pixka bat hobeto ezagutuko gaituztela.

3. Bertsolaritzaren bat-batekotasunak ez du zerikusirik ikus-entzunezkoetako elaborazioarekin.

Teknikoki ez, baina grabatzeko asko laguntzen du. Behatzaileak gara eta dokumental honek badu freskotasuna eta zuzeneko logika etengabea: elkarrizketa asko eta momentuan grabatutako une asko. Bertsolariaren ehiztari begiak, egoerak inprobisatzeko senak, asko lagundu dit.

4. 87tik zabiltza plazatan. Zertan nabaritu duzu aldaketa gehien?

Bertsoak berdin egin arren, bertsokideak eta plazak asko aldatu dira. Gazte eta rock kulturatik etorrita, bertso munduan martziano samar sentitzen nintzen. Egun, publikoa eta bertsolariak sintonia berean gaude, lehengoak eta oraingoak.

5. Lau final jokatu eta gero, txapelarekin amesten segitzen duzu?

Bai; ez zait iruditzen onena eman dudanik. Ikasteko gauza dezente ditut, badakit zer, eta hobetzeko tartea ikusten diot neure buruari.

6. Bertsolaria, musikaria, idazlea, zuzendaria... Zer hurrengo?

Itsasoari nahiko lotuta nago, eta akaso San Juan baleontzia egitea izango da. Albaola elkarteak egingo du eta Apaizac obeto espedizioaren ostean, ilusioa egiten dit Euskal Herriak behar duen itsasontzia berpizteak

7. Geldi dagoena, ez dago?

Badago, baina akaso ez du eragiten. Hainbeste gauza egiteko motibazio handia behar dut; ez ditut egiteagatik egiten, beharrezkoa baderitzot, egiten dut. Egonzalea ez, eginzalea naiz.

8. Ternuaraino garai bateko bale-harrapatzaileak bezala joatea, ausardia ala zorakeria kontua da?

Biak, baina zoramenak ametsetaraino zaramatza. Ikusi genuen ez dagoela ezinezkorik: lanarekin, amestutakoa bete egiten da. Zoramen puntu bat eta ausardia behar da, egin dezakezun horretan mugarik ez sentitzea. Libre egiten zaitu horrek.

9. Etorkin hitzak zer ekartzen dizu burura?

Hasteko, nire familia eta Francoren garaian etorritakoak. Gai garrantzitsua da euskal hiztunontzat, orduko etorkinekin pasatutakoa ez gertatzeko kudeatzen jakin beharrekoa. Beharrezkoak ditugu gure hizkuntzan eta kulturan.

10. Oporretarako bertsolari bat aukeratzeko eskatuta, Egañak zure izena bota zigun. Harekin, nora?

Edonora. Harekin egonda nago leku batzuetan; oso lagunak gara eta oso ondo pasako genuke.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Nire sentsazioa da badaukadala makilatxo magikoa; uste dut denok dugula, baina deskubritu egin behar dugula. Makilatxo magikoa ni neu sentitzen naiz, eta saiatzen naiz aldatzen ahal dudan guztia; egin dudan guztia makilatxo magikoarekin egin ditut. Etengabe saiatzen naiz erabiltzen, justiziaren bila eta beste mundu bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak