Javier Goienetxea: "Mundura zabaldu garen modu berean, ez dugu jakin gure eredu kooperatiboa zabaltzen"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko eka. 27a, 02:00

Kooperatibak, erabakiak hartzerakoan, malguagoak direla eta pertsonen interesen arabera hartzen dituztela erabakiak. Horixe eta krisiaren aurrean hobeto egokitzen direla nabarmendu du Konfekoop euskal kooperatiben konfederazioko presidente Javier Goienetxeak (Lekeitio, 1960).

Zelan egin diote aurre krisiari kooperatibek orain arte?

Sektorearen arabera, modu ezberdinean, baina, gehienbat, lan asko eta ondo eginda.

Eta zergatik egiten diote hobeto aurre krisiari kooperatibek?

Geu gara gure erabakien jabe; geuk hartzen ditugu erabakiak, ez dator inor kanpotik erabakiak hartzera. Geuk erabaki genezake soldatak murriztea, lanordu gehiago egitea...

Bada uste duenik kooperatibetan, langile guztiekin adostu behar direnez erabaki estrategikoak, astunago edo beranduago hartzen direla erabaki horiek sozietate anonimoetan baino. 

Izan daiteke. Modu demokratikoan, kooperatibako estamentu guztiekin adostuta, langile guztiok hartzen ditugunez erabakiak, batzuetan, luze jo dezake prozesuak. Baina, horren aurrean, uste dut abantailak gehiago direla. Esate baterako, ziurtasuna ematen duelako erabakia bakar batek hartu beharrean askoren artean eta adostasunez hartzeak. 

Ze zailtasunekin egiten dute topo kooperatibek hemendik kanpo, Txinan, Indian, Brasilen… zabaltzen dituztenean lantegiak?

Munduan kooperatibak ezagunak dira. Espainian 22.000 inguru dira. Munduko 300 kooperatiba handienak batuz gero, bederatzigarren potentzia ekonomikoa izango lirateke munduan. Munduko langileen %15 kooperatibaren batean daude. Baina egia da hemendik mundura zabaldu garenean, ez dugula jakin gure eredu kooperatiboa zabaltzen. Hori da gure erronketako bat.

Hemengo kooperatibek Txinan zabaldu dituzten lantegiak ez dira kooperatibak?

Ez. Sozietate anonimoak dira. Hemengo kooperatibena da jabetza, eta balioak-eta zabaltzen ditugu, baina izaera ezberdinekoak dira, eta, egia esan, hor badaukagu zulo beltz moduko bat.

Kooperatibak lehiakorrak izatea da kontu bat, eta beste bat kooperatiben eredua mundu mailara hedatzea…

Bai. Kooperatiba zenbat eta handiagoa izan, lehiakortasunari eutsi beharrez, uneren batean, zerbait galtzea normala da, balio batzuk… Langileen parte hartzearena-eta, galtzea, arazo bihur daiteke, baina ez da samurra oreka horri eustea: mundu mailan, lehiakorrak izan eta kooperatiben balioei eustea.

Zer da Konfekoop eta zein da haren egiteko nagusia?

Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatibak batzen dituen konfederazioa da. Arlo edo sektore ezberdinetako kooperatiba-federazioak batzen dira bertan. 849 kooperatiba batzen gara bertan. Kooperatiba guztien erdia-edo gaude bertan eta euskal kooperatibek fakturatzen duten %90 inguru gure konfederazioko kide direnek fakturatzen dute. 

Azkeneko urteotan kooperatiben kopuruak gora egin du?

Bai, bai. Eustaten azken datuen arabera, 91 kooperatiba gehiago sortu dira azken urtean. 1.500 lanpostu sortu dira. Aldiz, sozietate anonimo ugarik itxi egin dute eta 10.000 lanpostu inguru galdu dituzte.

Krisiaren aurrean, kooperatiba eredua balekoa dela ikusten da…

Bai; apirilera arte 94 kooperatiba berri sortu dira. Bide honetatik jarraituz gero, inoiz ezagutu bako kopuruetara helduko gara. Argi dago krisi sasoian kooperatiba dela enpresa eredu egokia. Kooperatibak dira, kopuruari dagokionez, hazi egin diren bakarrak. Guztira, iaz, 500 lanpostu berri sortu ziren kooperatibetan, krisiak krisi. 

Zergatik kooperatiba?

Kooperatiba txikien legea indarrean jarri zen orain dela urte batzuk, eta horrek ahalbidetzen du bi lagunen artean kooperatiba bat sortzea. Horrek erraztu egin du, eta izan du zerikusia. Bi pertsonak, proiektu batekin eta laguntza tekniko finantzarioarekin, sor dezakete enpresa kooperatibo bat. Etxean geratzea baino hobe da, ezta? Azkenaldian, zerbitzu arloko kooperatiba txiki asko sortu dira; industrialak gutxiago. Eta, gainera, sortu diren horiek ez dira desagertu.

Kooperatiben ezaugarri bat bada kapitala pertsonen mesedetan egin behar dela, eta ez pertsonak kapitalaren mesedetan. Hori posible da gaur egungo sistema kapitalistan eta globalizazio honetan?

Hemen gaude, haziz goaz, pertsonok osatzen ditugu kooperatibak, eta irabaziak edukitzea baino garrantzitsuagoa da lanpostuei eustea. Jakina, irabaziak beharrezko dira geure eredua sendotzeko eta hazteko, baina ez dezagun ahaztu: pertsona da inportanteena eta pertsonok hartzen ditugu erabakiak, eta ez kapitalak. 

Zer egin behar da nazioartean geroago eta gehiago saltzeko?

Produktu on eta lehiakorra edukitzea da gakoa.

Zentzurik badu etxetresnak, hemen, Arrasaten, egiten jarraitzeak?

Zaila da hemen halako produktuak ekoizten jarraitzea, munduko beste toki batzuetan askoz ere merkeago egiten dituztenean. Hala ere, esan behar dut nazioartekotzeak hemen ere lanpostuak sortzen dituela eta, esaterako, kanpoan ere kokatuta dauden hemengo enpresek hemen ere sortzen dituztela lanpostuak, kontraesankorra iruditu arren.

Finantza merkatuen krisi latz honetan, Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak bat egitea erabaki dute…

Erkide kreditu kooperatibaren barruan federatuta dauden bi finantza erakunde dira, eta logikoa zen bat egitea. Eta ona da biek bat egitea.

Egoerak behartuta?

Prozesu naturala da, baina seguru  egoera berezi honek bat egite prozesua azkartzea ekarri duela. 

Zein da Euskadiko Kutxaren egoera?

Ona. Oso fidagarria da. Gauzak ondo egin dituzte. Erabakiak lan bazkideek hartu dituzte, eta zuhurrak izan dira, esaterako, higiezinen inbertsioetan sartzeko orduan. 

Zenbateraino da inportantea Euskadiko Kutxa?

Ezinbestekoa da. Mondragon taldeko zati garrantzitsua. Bihotza? Burua? Kooperatibak finantzatzeko behar-beharrezkoa da. 

Kooperatibek beren benetako izaera galdu dute?

Kooperatiba handietan gerta daiteke benetako izaera eta zentzua galtzea. Garrantzitsua da lana ondo egitea, efizientziaz. Egiturak zelakoak diren, goi karguak zelakoak diren, langileak zelakoak diren, laneko giroa… horrek guztia baldintza dezake. Ikusi dugu, gertuan ere, kooperatibak beste enpresak baino hobeto doazela; enpresa asko itxi dituzte, kooperatibarik ez, ordea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak