Imanol Erle oñatiarra 14. geratu da 'Quebranta'-n

Leire Kortabarria 2012ko eka. 25a, 14:29

Debagoiendar piloak parte hartu du aurtengo proban eta batzuk lehenengo 30en artean ibili dira, gainera: Imanol Erle (Aloña Mendi) hamalaugarren, eta Oskar Askasibar elgetarra hemeretzigarren. Proba zikloturista gogorrenetarikoa da Quebrantahuesos; aurten, 7.548 ziklista batu ditu errepidean. Kronika, sailkapena eta argazkiak batu ditugu.

Debagoiendarrak bikain ibili dira aurtengo Quebrantahuesos txirrindulari proban. Eguraldi on eta bizikletan ibiltzeko egokiak eta animatzera joan zitzaizkienen txaloek lagunduta –horixe goraipatu eta eskertu dute bailarakoek–, proba ondo bukatu, norberaren helburuak bete eta, hori gutxi balitz, kirol aldetik ere marka bikainak egin zituzten Debagoieneko zaleek. Hala, 30 azkarrenen artean egon ziren Debagoieneko batzuk.

Horietako bat Imanol Erle oñatiarra izan zen. 33. irten zen, eta 5:53:44 denborarekin, 15 azkarrenen artean kokatu zen –denbora onena, 5:44:36, Angel Vazquezek egin zuen– eta pozik zegoen kirol markarekin. Entrenatzeko saio bakarra joan den asteko proba bat izan zuen: Irati Xtrem. Han 4. bukatuta, "konfiantza hartu" zuen eta Sabiñanigoko proba egitera ausartu zen.

Dena dela, Erlek beste zerbait azpimarratu du: "Quebrantahuesosera ondo pasatzera joan naiz, beste edozer gauzaren gainetik. Eskerrak ematen dizkiet bai Iratin bai Quebrantahuesosen animatu nautenei, igartzen da-eta".

Proba motibatzailea

Imanol Erle beste dozena bat laguneko taldean joan zen Oñatitik. Eta bailaratik, kasu honetan Elgetatik abiatu zen beste koadrila bat: Faka Faka. Sei lagun joan ziren, eta horietako batek, Oskar Askasibarrek, ohi bezala, primerako denbora egin zuen: 5:55:06. Askasibar gustura zegoen aurtengo bere lasterketarekin: "Pozik nago, nahiko denbora ona egin dut-eta". Beste alderdi hauekin ere oso gustura zegoen elgetarra: "Eguraldi ona egin zuen; bestetik, gure koadrilakooi inoiz ez zaigu gorabeherarik gertatu eta aurten ere hala izan da".

Iazko bere denbora –bost ordu eta 48 minutuan bukatu zuen lasterketa– ondu ez duen arren, garrantzia kendu dio horri Askasibarrek: "Sei minutu gehiago egin ditut, baina denbora ona da, hala ere; eta iazko antzeko postuan bukatu dut". Bestalde, onartu zigun "iaz baino gutxiago" entrenatu dela aurten, "eta miraririk ezin da egin", gaineratu zuen, barrez.

Faka Faka koadrilako kide horrek Quebrantahuesos proba egiten du, eta hori izaten da urteko bere helburua; beste inongo probatan ez du parte hartzen: "Helburua Quebrantahuesosera joatea izaten da niretako; azken baten, zerbait behar izaten da urte osoan motibatuta irteteko bizikletan, eta niretako horixe izaten da", azaldu digu. 

Ezuste barik

Orokorrean, aurtengo Quebrantahuesosen ez da ezuste handirik izan; ez txarrik, behintzat: ohi bezala, euskaldun eta debagoiendar asko, Portaleten giro bikaina eta zale asko... Helmugan azkarrenak gizonezkoetan Angel Vazquez eta emakumezkoetan Lourdes Cayetano (6:30:08) izan dira; bitxikeria gisa, Cayetano ezkon-bidaiatik bueltatu berria zen, eta, bukaeran onartu zuenez, ez zuen iazko marka hobetzea espero, are gutxiago irabaztea. 

Sailkapenak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak