Orain arte, Eroskiko bazkideek euren ekarpenaren zati bat kapitalizatzen zuten urtero, erretirora begira. Bada, aurten, zati hori ez kobratzea onartu dute bazkideek batzar orokorrean. Hala, urteko irabaziak, 29 milioi guztira, erreserba-kutxan utziko ditu Eroskik. Neurri horiek honela arrazoitu ditu kooperatibak: "ingurune ekonomiko gogorrak" uste baino luzeago irauten dabilela, eta "kontsumoa berpiztuko ote den" gaineko zalantzak.
Iaz, Eroski kooperatibak 42 milioi euro irabazi zituen, aurreko ekitaldian baino %55,4 gutxiago. Gainera, irabazi kontsolidatuak aurreko ekitaldian baino 36 milioi txikiagoak izan ziren. Emaitza horiek ere onartu egin zituen batzar orokorrak. Azkenaldian, eta krisiak bultzatuta, beste politika bati ekin dio Arrasateko banaketa sektoreko kooperatibak: bere esanetan, marjina edo irabazi txikiagoetan eta bezeroarenganako konpromiso handiagoan oinarritutako politika.