Osasun eta Kontsumo Sailak, Drogamenpekotasunen Zuzendaritzaren bitartez eta EAEko udalekin elkarlanean, herriko jaietan alkoholaren eta legez kanpoko drogen gehiegizko kontsumoa prebenitzeko sentsibilizazio-kanpaina abiaraziko du. Aurtengoa, alkohola dela eta, arreta berezia jarriko zaio gazteenen artean egin beharreko prebentzioari.
Hainbat udalerritara, erregeletak, eranskailuak eta metakrilatoak banatuko dira, honako lelo hauekin: Bete zaitez...baina emozioz, Adingabekoei alkohola, ezta tantarik ere, Arduraz kontsumitu, eta Erabili burua; gaztelaniaz eta euskaraz joango dira esloganok, eta udaletako drogamenpekotasun-ekipoek banatuko dituzte. 1070 kartel, 4.000 erregeleta, 1250 eranskailu eta 370 metakrilatobanatuko dira.
Kanpaina asteburu honetan hasi da eta urrira arte luzatuko da, eta jai-guneetan alkohola eta legez kanpoko drogak kontsumitzeak dakartzan arriskuen berri ematea eta horiez ohartaraztea du xede.
Horrez gain, informazio-materiala ere banatuko da, 3.000 alkoholimetro eskainiko dira alkohol-tasa kalkulatzeko kontsumitutako kantitatearen arabera eta pertsona bakoitzaren pisuaren arabera. Orobat, gehiegizko kontsumoak gidatzea bezalako ekintzetarako zer arrisku dakarren jakinarazteko informazioa ere emango da.
Karpak ezarriko dira 40 udalerri baino gehiagotan, eta, han, informazioa jasotzeaz gain, nahi duten guztiek aukera izango dute alkoholmetriak eta legez kanpoko gaiak atzemateko testak egiteko. Aurtengo udan EAEn egingo diren musika-jaialdi handietan ere egingo da kanpaina.
Alkoholmetriak egingo dira
Sasoia S.L. enpresak egingo ditu alkoholmetriak eta zabalduko du prebentzioaren gaineko informazioa EAEko 36 udalerritan herriko jaietan jarriko diren karpetan. Hona hemen programaren helburuak:
- Alkoholaren kontsumoaren arriskuak eta legez kanpoko drogen kontsumoari doazkion arriskuak gutxitzea.
- Adingabekoei alkoholdun edaririk sal eta eman ez dakien laguntzea.
- Alkoholaren kontsumoa dela eta, jarrera eta jokabide arduratsua sustatzea EAEko jai-ekitaldi eta esparruetan.
- Alkoholaren kontsumo-mailak analizatzea pertsonaz pertsona, kontuan hartuz bakoitzaren pisua, adina, bolumena, generoa, maiztasuna eta kontsumitzen emandako denbora.
2011ko kanpainan zehar, alkoholmetria egin zitzaien 14.000 pertsonen arteko gehienak 18 eta 20 urte bitarteko adinekoak ziren, eta 1.165 pertsonak 16 edo 17 urte zituzten. Horietatik ia erdiak tasa positiboa eman zuen, guztira atera zen batez bestekoa baino (% 53,3 izan ziren positiboak) zertxobait gutxiago.
Probari eta emandako informazioari esker, positibo eman eta gidatu egin behar zutela esan zutenetatik % 90ek onartu egin zuen geroago gidatzeko emandako aholkua, alkohol-tasa baimendutako mugen artean izan arte, bederen.
Legez kanpoko gaiak antzemateko testa
Ailaket! Elkarteak gauzatuko du legez kanpoko drogak antzemateko testa EAEko ia 30 udalerritan. Honako hauek eskainiko ditu horretarako ezarriko diren guneetan:
- Aisialdietan gehien erabiltzen diren drogei buruzko informazioa eta prebentziorako aholkularitza.
- Drogak analizatuko dira.
- Informaziorako materiala eta behin erabiltzeko alkoholmetroak, esnifatzekoak edo preserbatiboak banatuko dira.
Hauek dira helburuak: kontsumo arriskutsuei eta drogen kontsumoari lotutako arriskuak gutxitzea, bereziki erabiltzaile gazteen artean, eta aisialdiko kontsumoaren arriskuari buruzko ohartarazpena areagotzea. Legez kanpoko drogen analisia egitea eta erabiltzaileak ohartaraztea gai horiek ez dutela osasun-kontrolik izaten.
2011n, 7.000 pertsonari eman zitzaien arreta testa egitean, eta ia 1.200 lagunek 18 urte edo gutxiago zuten. 503 gairen laginak analizatu ziren. Gehienak honako hauek izan ziren: anfetaminak (% 26), haxixa (% 24), marihuana (% 24), kokaina (% 14), eta, neurri txikiagoan, estasia eta Ketamina.
Adingabekoen prebentzioaren garrantzia
EAEn, alkohola kontsumitzen hasteko adina 14 urte da, halaxe dago ezarrita. Ezinbestekoa da prebentzioa, drogak kontsumitzen hasteko unea atzeratu eta kontsumoak eragiten dituen arriskuak gutxitzeko.
Kontsumo arriskutsuaren portzentajea, gazteen artean, % 17 da asteburuetan. 15 eta 19 urte arteko gazteen arteko % 60k uste du asteburuetan abstemioa dela.
Gazteak dira, gainera, kontsumoari arrisku gutxien aitortzen diotenak; hala bada, funtsezkoa da arriskuen eta alkoholaren gehiegizko kontsumoaren ondorioen gaineko sentsibilizazioarekin jarraitzea.
Eskolako adina duten 12 urtetik gorako gazteen artean egindako Drogak eta Eskola VIII. Azterlana delakoaren aurrerapenean jasotako datuen arabera:
- Inkesta egin zaienen artean % 8k aitortzen du alkohola hartzen duela astean zehar, eta % 46k dio abstemioa dela.
- % 30ek aitortzen du alkohol gehiegi hartzen duela asteburuetan.
Kontsumoen ondorioei buruzko informazioa ematen jarraitzeak badu garrantzia, eta Euskadi eta Drogak 2010 txostenean jasotako datuetan ikusten da hori:
- Ezezagunen arteko borrokak jaitsi egin dira % 9tik %6ra.
- Babesik gabeko sexu-harremanak gutxitu egin dira % 6tik % 3ra.
- Nahi gabeko erortzeak eta kolpeak % 24 izatetik % 12 izatera igaro dira.