Euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka, urte amaieran

Ubane Madera 2012ko ekainaren 21a

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Gipuzkoako Diputazioak hitzarmena sinatu dute goizean, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka egiteko. Ekitaldian, Diputazioko Euskara zuzendariak azpimarratu du Gipuzkoako enpresak aitzindari direla hizkuntza kudeaketarako planak ohiko funtzionamenduan txertatzen, eta tartean Antzuolako Elay eta Arrasateko Fagor aipatu ditu. Azoka berri hori urteko azken hiruhilekoan egitea da asmoa.  

Azoka berritzaile eta aitzindaria da egin gura duten hori, orain arte ez da-eta halakorik egin. Urte amaieran gauzatu gura dute, Donostian. Eta lortu nahi den helburu nagusia da, Rober Gutierrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariaren berbetan, enpresei negozio-aukerak handitzea eta proiektu berriak sortzea, euskaratik eta euskaraz. 

Salmentarako gunea 

"Horrez gain, euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi duten organizazioei erraztasunak eman nahi zaizkie, eta euskarazko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzten entitateei salmentarako gune bat eskaini (…) Horrek guztiak, gainera, euskararen prestigio soziala areagotzeko eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioa bultzatzeko balioko du”, gaineratu du Gutierrezek.

Euskaraz bizitzea apustu

Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionez, berriz, euskaraz bizitzearen aldeko apustu garbia egin duela gogora ekarri dute; "horixe da bere hizkuntza politikaren ildo nagusia. Gogoan izan behar da, bestalde, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak, Eusko Legebiltzarrak 1998an onartutakoak, helburu zehatzak ezartzen dituela enpresen munduan euskararen erabilera areagotzeko".

Alor sozioekonomikoa euskaldundu beharra

Zentzu horretan, Zigor Etxeburuak Foru Aldundiko Euskara zuzendariak Gipuzkoako enpresek hizkuntza kudeaketan egindako lana aitortu ostean, azpimarratu du "oraindik badagoela zeregina arlo horretan. Izan ere, euskarak bizitza sozialean aurrera egin dezan, funtsezkoa da alor sozioekonomikoa euskalduntzea, orduen heren bat lanean pasatzen dugu-eta”.

Etxeburuak krisi garai honetan Euskal Herriko merkatuan euskaraz jardutea balio erantsia dela adierazi du, "euskaraz lan egiten duten enpresek lehiakortasuna handitzen dutelako". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak