Erreakzioak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko ekainaren 21a

Alderdi gehienek txalotu egin dute Sorturen legeztatzea, baina badira epaiarekin kritiko agertu direnak ere: PP eta UPD, horien artean. Hona hemen, esandako hainbat.

Ezker abertzalea: "Sortu dugu aukera, euskal herritarrok irabazi duguna. Ilegalizazio eta salbuespen aroaren amaiera hasi da"

Josu Erkoreka, EAJ: "Ezker abertzalearen parte-hartze instituzionala normalizatua zegoen, eta orain juridikoki normalizatu da" 

Jose Antonio Pastor, PSE-EE: "Albiste ona da, indarkeria behin betiko bukatzeko prozesua azkartu egingo du, eta Euskadin bizikidetza indartuko. Batzuek diotenaren kontra, demokraziak funtzionatzen duela baieztatzen du"

Iñaki Oyarzabal, PP: "Ez du ETAren amaiera lortzen lagunduko, baina onartzen dut epaia"

Pello Urizar, EA: "Aukera bakarra zen, euskal gizarteak ez zuen besterik ulertuko. Bateragune auziko presoak askatzeko exijitzen dugu"

Patxi Zabaleta, Aralar: "Albiste ona da demokrazia eta normalizazioa egonkortzeko eta bakearentzat. Baina oraindik legez kanpokoak diren alderdiak daude. Sorturen legalizazioak helburu berriak ezartzera behartzen gaitu biktimen, presoen edota elkarbizitzaren esparruetan"

Oskar Matute, Alternatiba: "Anakronismo demokratikoa zen ideiak legez kanpo uztea. Norabide onean doan erabakia da, baina auzitegietan oraindik martxan dauden prozesu politiko guztien amaiera exijitzen dugu"

Mikel Arana, Ezker Anitza-IU: "Albiste ona da. Datozen hauteskundeetan aukera politiko guztien parte-hartzearekin ilegalizazioen zikloa itxiko da. Bateragune auziko epaiak are eta logika gutxiago du orain, beraz, bost auzipetuak aske utzi beharko lituzkete" 

Jose Navas, Ezker Batua: "Bere garaian eman behar ez zen eskubide baten bortxaketa zuzendu du orain Konstituzionalak. Alderdien Legea eraginik gabe uzten ari dira auzitegiak"

Uxue Barkos, Geroa Bai: "Albiste ona da Sorturen legeztatzea, ospatu beharrekoa"

Rosa Diez, UPD: "Legala da, baina bidegabea. Demokraziaren etsaiak erakunde demokratikoetan ez sartzeko Alderdien Legea berrikusteko eskatuko dugu, agian"

Lokarri: "Dagoeneko ez dago aitzakiarik elkarrizketak normalizatzeko. Politika letra handitan erabiltzeko ordua da"

LAB: "Erabakia urrats garrantzitsua eta itxaropentsua da. Urrats gehiago behar dira, gaurkoaren norabide berean"

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza: "Konstituzionalaren ebazpenak errealitate bati aitortza legala eman dio, ezker abertzalea erakundeetan badagoelako. Errespetatu eta onartu egiten dugu erabakia"

Jose Luis Sanchez de Muniain, Nafarroko Gobernua: "Konstituzionalaren erabakia errespetatzen badugu ere, nahiago genuen Gorenarenari eutsi izan balio. Alderdi normala eta demokratikoa izatetik urrun dago Sortu"

Alberto Ruiz Gallardon, Espainiako Gobernuko Justizia ministroa: "Nahiago nuke Sortu aurrerantzean ere legez kanpokoa izango balitz"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak