Eguenean sartuko gara udan goizaldeko 01:09ean eta azken urteotako udarik luzeena izango da: 93 egun iraungo ditu. Pello Zabalak adierazi digu eguraldi onarekin hasiko diogula.
Tenporek iragarritakoa: uda lehorra
Tenporak hilabete hasieran izan ziren eta Zabalak eman dizkigu azalpenak: "Tenporetako lau egun eguzkitsuak eta epelak izan ziren; 37 gradu ere izan genituen. Beste bi egun lainoak hartuta pasa genituen. Euririk apenas egin zuen, ordea. Beraz, beldurtzen nauena da, uda lehorra izatea, hau da, behar baino euri gutxiago egitea". Zehaztu digu gorabehera handiak izango direla udan: "Bero egiten duenean termometroak oso gora joango dira eta euria ekaitzetan egingo du. Gaineratu du bero lehorra izango dela, hezetasun gutxikoa.
Udaberri "koskatsua"
Udaberria "beroa" izan dela esan digu Zabalak: "Maiatzean, jada, 30 gradutik gorako hiru egun izan genituen eta ekaineko lehen egunean termometroak 37 gradu harrapatu zituen". Zehaztu digu, baina, 17 eta 15 graduko egun asko ere izan ditugula. Horregatik dio Zabalak udaberri koskatsua izan dela.
Prezipitazioei dagokionez, apirilean, bi egunetan izan ezik, gainontzeko guztietan egin zuen euria. Arantzazun metro karratuko 270 litro jaso ziren hilabete horretan. Maiatzean eta ekinean, berriz, "ez du euri askorik egin" esan digu Zabalak. Arantzazun, guztira 120 litro jaso dira. Hala, eguraldi adituak zehaztu digu ez dela udaberri euritsua izan.