Maitane Roa: "Gipuzkoako Txapelketa irabazitakoan konturatu ginen zer egiteko gauza ginen"

Xabier Urtzelai 2012ko ekainaren 21a

Maitane Roak (Arrasate, 1986) futbola uzteko erabakia hartu du. Hamaika urte egin ditu elastiko zuri-morea janzten, eta nekatu egin da, futbolean jokatzeaz nekatu. Deigarria da 26 urte egin behar dituen jokalariak, kategorian pitxitxi izan berri (22 gol), futbola utzi nahi izatea. Dena dela, baliteke Realak fitxatu nahi izatea.

Bigarren mailara igo eta Mondrak lan oso txukuna egin du; espero zenuten?

Ez genekien kategoria berrian zelan moldatuko ginen, eta egia esan, ilusio handia geneukalako-edo oso ondo hasi ginen. Lehenengo partiduetan puntu garrantzitsuak batu genituen, baina gero urtea luzea egin zaigu. Ez pentsa horren lasai ibili garenik, momentu batean larritu ere egin ginen, hiru taldek galtzen zutelako kategoria, eta gu behera etorrita geundelako. Baina mailari eusteko beharrezkoak ziren puntuak batu eta bizpahiru jardunaldiren faltan eginda genituen etxerako lanak. 

Beste kategoria batzuekin alderatuta, non egon da aldea?

Partidu guztietan 90 minutuak lehia gogorrean ibili behar izan dugula, eta hori oso nekagarria da. Iaz partiduak erraz irabazten genituen, gol asko sartuta, eta berdegunean lasaiago jokatzeko aukera ematen zuen horrek. Aurten ez, partidu guztiak 1-0, 2-1... halako emaitzekin irabazi ala galdu ditugu, alde txikiaz. 90 minutuz topera ibiltzea igarri egiten da. 

Datorren denboraldira begira ilusioz ote zaudeten galdetu behar nizun, eta hara, futbola utzi behar duzula jakin dut.

[Barre] Bai, konturatu naiz dagoeneko ez dudala duela hiruzpalau urteko ilusioa, eta uztea erabaki dut. Urtea luzea egin zait eta futbolaz aparte beste gauza batzuk egin nahi ditut. Ikasle nintzenean oso gustura jokatzen nuen futbolean, baina lanean nabilenetik gehiago kostatzen zait. 

Hogeita bost urte, Bigarren mailako pitxitxi, eta futbola uzteko asmoaz. Ez duzu beste talderen baten eskaintzarik izan?

Beno, Realarekin hainbat entrenamendu saio egin ditut, baina ez didate ezer esan. Dena dela, Realak ni fitxatzeko asmoa izango balu ere oso ondo pentsatu beharko nuke. Esperientzia polita izan daiteke, baina...

Realeko emakumezkoak ez daude profesionaltasun mailatik gertuago?

Baliabideei dagokienean seguru baietz, Zubietako entrenatzaileak, masajistak... eskura dituztelako. Baina kategoria bereko gainontzeko taldeetan ez dut uste halaxe ibiltzen direnik.

Atzera begiratuta, zein da futbolean izandako momentu gogoangarriena? 

Duela bi urte Gipuzkoako Txapeldun izan ginenekoa. Agorrosinen jokatu genuen finala, eta Soraluzeri irabazi genion. Oso polita izan zen, eta orduan konturatu ginen taldea zer egiteko gauza zen. Igoera fasean galdu egin genuen Bizkaikoen kontra, eta hurrengo denboraldian mailaz igo ginen. Horrekin batera, baina, talde barruko giroaz gozatu izan dut nik asko. Garaipen bat lortu eta ospatzeko taldekideekin afaltzera joatea... Talde barruko giro onari garrantzia handia eman izan diot beti.

Eta txarrena? 

Duela lauzpabost urte izan zen, ez genuen liga hasiera ona izan, eta entrenatzaileak taldea utzi zuen. Akaso hura izan zen momentu delikatuena.  

Denboraldian zehar golak zenbatzen dituen jokalari horietakoa zara? 

Ez bereziki. Aurten badakit 22 gol egin ditudala eta pitxitxia izan naizela, baina aurreko urteetan... Urteren baten badakit 40 golen bueltan ibili naizela.

Zenbateko horiekin hutsune handia utziko duzu taldean. 

Ez pentsa, nik gol asko egin ditut aurten, baina beste taldekide batzuek ere gol mordoa egin dituzte.

Bestalde, taldea 25. urteurrena ospatzen dabil. Zer-nolako balorazioa egiten duzue?

Nik uste urte polita izan dela, hainbat ekintza egin ditugu eta erakutsi dugu 25 urtez Arrasaten emakumezkoen futbola bizirik egon dela, eta dagoela.

Oraindik ez duzu, baina, Mondrarekin azken partidua jokatu. Lagunartekoa izango duzue ekainaren 30ean. 

Bai, ondo pasatzeko eguna izango da. Goizean (10:00) lagunarteko partidua jokatuko dugu oraingo eta lehengo jokalariok, eta ondoren bazkaria izango dugu [Egun horretako ekintzetan parte hartu nahi duenak dei dezala 688 645 863 telefono zenbakira. Ekainak 20 da azken eguna]. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak