Espainiako erreskatea dela-eta gero eta gehiago izango dira estatu independente baten aldeko ahotsak, baina badira hori ekonomikoki bideragarria ez dela diotenak ere.
Pil-pileko gaia dugu egun hauetan. Egia da sarritan argudiatu zaigula txikiegiak izango ginatekeela estatu moduan. Kontua da Europan badirela sei estatu gu baino txikiagoak, eta munduan beste 60 bat. Inork ez du zalantzan jartzen horiek bideragarriak diren edo ez, beste kontu bat da hori egokiena den edo ez. Orain zalantzan jartzen ari dena da zein den estatu baten tamaina egokiena funtzionamendu zuzenerako.
Estatu txikien paradigma ekonomikoaz diharduzu artikulu batean. Islandiak, Luxenburgok... horiek izango dute protagonismoa etorkizuneko Europan?
Nik uste dut protagonismoa orain bertan dutela. Adierazle ekonomiko askori begiratuta: barne produktu gordina, giza garapenaren indizea, lehiakortasuna... zerrenda horietan estatu txikiak agertzen dira goian. Izan ere, Europako Batasunaren fundatzaileek kulturen Europan sinesten zuten, eta, alde horretatik, uste dut ondo kokatuta dagoela. Estatu txikiak irekiagoak dira esportazio eta inportaziorako, mundu globalizatuan hobeto funtzionatuz.
Erregioen Europa batez hitz egin izan da.
Beste era batera eratzeko formulak dira. Azken batean, 500 milioi biztanle daude Europan, eta estatu gutxiegi. Horrek urrutiago jartzen du herritarra erakundeetatik. Hurbiltasunak konfiantza handiagoa ematen du, eta, gainera, finantzak kontrolatzeko ere aukera gehiago daude.
Krisiak Euskal Herrian Espainian baino gutxiago eragin du. Zergatik?
Eredu produktibo ezberdina dugulako. Hemen industriak eta ekonomia errealak pisu handia dauka, eta Espainian, ostera, eraikuntzak eta turismoak. Bere egunean lanpostu asko sortu zituzten, baina orain ez da garai onena. Esaten dute gure eredu produktiboa Alemaniatik askoz ere hurbilago dagoela: makina-erreminta, metala, autogintza...ditugulako. Kalifikazio agentziek Espainiari baino kalifikazio hobea ematen digute, bi maila gorago. Bestalde, hezkuntza aldetik oso jende trebatua daukagu guk. Hortaz, askoz hobetu kokatuta gaude.
Europa mailan non kokatuko zenuke Euskadi?
Barne produktu gordinari begiratuz gero puntan-puntan gaude; langabezia tasan batez bestekoan gabiltza: %11-12; ikerketa eta garapenean ere nahiko ondo gabiltza, %2; eta, esportazioetan ere bai. Hortaz, punta-puntan egon gaitezke, gauza asko hobetuta, noski.
Euskal estatuaren sorrera, hortaz, ekonomikoki bideragarria da eta interesatzen zaio Euskal Herriari?
Bai, noski interesatzen zaiola, batez ere motibazio aldetik. Egia da gauza batzuk hobe daitezkeela: sarritan aipatu izan da energia kontuetan gabezia handiak ditugula. Orain, energia berriztagarrien aldeko apustu handia egiten ari da. Bestalde, enpresa txiki asko ditugula esan ohi da, baina badira elkarlana bideratzen dituzten erakundeak.
Nola erreakzionatuko luke Espainiak horrelako kasu batean?
Espainiara gero eta gutxiago saltzen da. Azken urteetan behera egin du nabarmen Espainiarekiko lotura ekonomikoak; eta azken bolada honetan askoz gehiago. Egia da sarritan aipatu dela balizko boikota gerta daitekeela, eta badira adibideak. Adibidez, Kataluniako kavarekin gertatu zena: salmentak %6 jaitsi ziren, baina katalanek, gero, esportatu egin zuten. Esloveniari ere boikot egin zitzaion Serbiaren aldetik, baina egun, Eslovenia Europa barruan dago eta Serbia ez. Alde horretatik, ez dut uste horri halako beldurra izan behar zaionik, erosle ere bagarelako, eta harreman komertzialetan joan-etorriko fluxuak izaten dira. Hasieran uste dut eragina izango duela, baina, haurren haserrealdian gertatzen den moduan, gero pasatu egingo da.
Eta Europaren barruan jarraituko genuke?
Europaren barruan geruza asko daude. Batzuk Europa barruan daude, baina eurogunean ez. Nik uste dut, ñabardura askorekin, baina Euroaren barruan egoteak egonkortasuna ematen digula. Gainera, gure kasuan Ipar Euskal Herriarekin moneta bera erabiliko genuke. Aparte joango bagina, beste moneta bat jaulki beharko genuke, eta hori, beharbada, garesti aterako litzaiguke.
Europako Batasunaren barruan ez egonda, posible izango litzateke gaur egungo mailari eustea?
Europako Batasunetik irtenez gero, beste arazo bat sortuko litzateke: pentsa paradisu fiskal bihurtuko bagina, ba, Europari hori ez zaio interesatzen. Barruan egotearen aldeko apustua egongo litzatekeela uste dut.