Euskal hiztun askok, euskara mihian izanda ere, lehen hitza gazteleraz egiten dute. Ohiko egoera askotan gertatzen da hori. Bada horri buelta emateko helburuarekin, 2010ean Zergatik ez? izeneko tailerra antolatu zuen Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Orain, zabalkundean eraginkorragoak izateko, federazioak Euskal Herriko 12 euskara elkarteekin elkarlanean –Arrasateko AED eta Txatxilipurdi, Aretxabaletako Loramendi eta Bergarako Jardun, besteak beste– eskainiko du tailerra.
Saio horien helburua da euskal hiztunak hausnartzen jartzea. Izan ere, lantzen diren gaien artean parte hartzaileek egoera bakoitzaren aurrean hizkuntza jarrerek izan dezaketen eraginaz gogoeta egiten dute. "Euskararekiko jarrerak baikorrak sustatu nahi ditugu", dio proiektuko arduradun Sonia Perezek. Oinarrian, jardunaldiak galdera baten bueltan antolatu dira: Zergatik ez kokatu euskara guztion elkargunerako, komunikaziorako hizkuntza gisa? Eta tailerraren amaieran galdera horri Zergatik ez? Jakina, bai Horixe! erantzuten ahaleginduko dira.
Euskal hiztunei zuzenduta
Ekimena euskara ezagutu arren, erabilera gune, harreman eta arloak irabazteko dituzten euskal hiztunei zuzenduta dago, hau da, euskaldunen gehiengoari, datuen arabera –egun, Euskal Herrian euskara ezagutzen dutenen erdiak baino ez du erabiltzen–: besteak beste, hizkuntzekiko duten harremanaz hausnartu nahi duten herritarrak, nortasuna eta identitatea definitzen ari den nerabe eta gazteak eta hizkuntza joeren eredu izaten diren irakasle, begirale eta haurtzainei eta gurasoei bideratuta dago.
Saioen gainean informazio gehiago jaso nahi dutenek tailerra antolatzen duten elkarteekin harremanetan jarri daitezke edo 946 21 58 05 eta sonia@topagunea.org helbidera jo dezakete.