Francis Diez: "Ez baduzu zuk zeuk amesten, zugatik egingo dute"

Txomin Madina Milikua 2012ko ekainaren 21a

Al amanecer... seguir soñando da Doctor Deseo taldearen disko berria; bilbotarren hamahirugarrena da, baina Francis abeslaria ez dago superstiziotarako, ezta etsipenerako ere.

 1. 2012an hamahirugarren diskoa kalera. Superstiziorik ez?

Bat ere ez. Krisi betean, 13aren eta gorriaren alde apustu egin dugu. Urteurrenak ez ospatu arren, hamahirua berezia iruditu zaigu eta zerbait gehiago jarri diogu.

2. Izenburuak dioen legez, bada amesten jarraitzeko motiborik?

Inoiz baino gehiago. Etengabe imajinatu behar dira errealitateak; amestu soilik ez, egia bihurtzera ausartu ere bai. Ez baduzu zuk zeuk amesten, zugatik egingo dute.

3. Literatura eta pintura ere baditu diskoak. Garaiotan merezi du horrelako lanak hartzea?

Gauzak gaizki badoaz, gehiago zaindu behar dira. Amildegi baten aurrean gaude eta horrelakoetan indar kontserbadoreenak berragertzen dira; horren aurrean, hegan egin dezakegula jakin eta amildegira bota behar dugu.

4. Zenbat lehenengo alditan entzungo zen Doctor Deseo?

Akustiko baten, bikote bat zegoen alabari titia ematen. Esan ziguten gu entzuten elkar ezagutu eta ernaldu zutela eta alabak gu entzutea gura zutela. Hori sekulakoa da! Musikari moduan guretzat eta besteentzat baliagarriak izan gura dugu.

5. Posible da Corazón de tango bako zuen kontzertu bat?

Ez, Abrazame-rekin gure ume mimatuenetakoa da; ez dugu talde batzuen puntu snob-a, horrek gaixotzen nau. Plazer handiz jo eta gozatzen dut. 

6. Zer da zuretzat probokazioa?

Eskandalizatzeko zentzuan ez zait interesatzen; suposatzen da nire publikoa ez eskandalizatzeko besteko argia dela. Baina emozioak, sentsazioak, hausnarketa, mugimendua probokatzea musikan oinarrizkoa da. Ez bada horretarako gai, musikak ez du zentzurik.

7. Agertokian ikusten dugun Francis kalekoaren berdina da?

Ez. Agertokiko Francis kalekotik dator, baina agertokian bakarrik gertatzen da. Musikari orori gomendatzen diot Barrio Sesamo-ko Cocoren goia eta behea ikasgaia ez galtzea. Aldaketa oso bat dago, egoa kamerinoan utzi eta gertatzen denaren aurrean harkor egoteko.

8. Gutxik imajinatuko dute Francis eskalatzen.

Musikari izan aurretik eskalatzen dut, 14 urte neuzkanetik. Nire pasio gogorrenetakoa da. Oso primarioa da; lanerako burua erabiltzen dugunondako oso egoera primariora bueltatzeko modua da.

9. Musikaria eta okina. Ez da konbinazio ohikoena...

Ez, baina nik uste dut pertsonok alderdi asko ditugula, eta bai eskalatzea eta baita okina izatea musikaren kontrapuntua dira; lurrera lotzen naute, eta burua ez galtzen lagundu. 

10. Nola dago batzokiko neska?

Beti bezain morbosoa, beti gustatu izan zaizkit eskuineko neskak; morbo maltzur bat da.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Hoy seremos tan valientes abestian diogu etsipena dela bekaturik handiena; bada, horixe egingo nuke, etsipena desagerrarazi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak