Enpresa berri gehienak Bizkaian sortu ziren, 82, hain zuzen; 50, Gipuzkoan; 29, Araban; eta 23, Nafarroan.
Ekintzaile edo enpresa berrien sortzaileei dagokienez, honako datuak eman ditu Gaztempresa Fundazioak: gizonezkoak eta emakumezkoak erdi eta erdi ziren; batez besteko adina 34,8 urtekoa zen; ekintzaileen erdiak langabeak ziren; %38k unibertsitate mailako ikasketak zituzten.
Sektoreka, enpresa berri gehienak (%68) zerbitzuetakoak izan ziren; merkataritza arlokoak, %26.
2010ean baino %69 gehiago
Gaztempresak gogora ekarri du langabeziak txarrerako joera izan zuela, eta Euskadin %11,2ko langabezia tasa izan zela abenduan. "Gure historiako azkenaldiko datuak baino okerragoak dira, eta ekonomia garatu batendako txarrak dira, batez ere gazteei dagokienez". Gazteen langabezia tasa %24,2ra ailegatu da. Bestalde, hainbat faktorek eraginda, "negozio txikiak martxan jartzea gero eta zailagoa izan zen", esan du fundazioak.
Egoera horretan, Gaztempresak 2010ean baino %69 enpresa gehiago finantzatu zituen iaz, eta 4,286 milioi eurotik gorako finantzaketa eskaini zien.
5.000 lanpostu
Gaztempresa Fundazioa gizarte erantzukizun kooperatiboaren filosofiaren barruan jaio zen, gizarteari kooperatibek jaso zuten balioaren zati bat itzultzeko nahiarekin. Bere historian zehar, Gaztempresa Fundazioak 2.800 enpresa sortzen lagundu du, eta horiek 5.000 lanpostu baino gehiago sortu zituzten.