Egubakoitzean, Bergarako Ariznoa taldeko 110 kidek egin zuten erakustaldia Labegaraietan; dantza klasiko eta modernoak uztartu zituzten bertan.
Atzo, domeka, berriz, Arrasaten eta Oñatin egin zituzten ikasturte bukaerako erakustaldiak.
Arrasate Dragoi Gimnasia taldeko 130 gimnastek urte osoan egindako lana erakusteko aukera izan zuten taldeka eta bakarka egindako dantzetan. Horrez gain, Espainiako txapelketan parte hartu ondoren, klubeko aerobikeko taldea ere bertan izan zen koreografia ikusgarriak eskainiz.
Oñatiko Zubikoa kiroldegian, azkenik, Aloña Mendiko 58 gimnastak eta Bergarako Ariznoako bi taldek parte hartu zuten kurtso bukaerako jaian.