Haritz Guridi: "Araba Euskaraz-era datozenek egun zoragarria pasatuko dute"

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko eka. 16a, 02:00

Barneratu barreiatu leloarekin Araba Euskaraz jaia ospatuko da domekan Bastidako ikastolaren alde. Haritz Guridi oñatiarra han dago irakasle.

Honezkero domekako jairako guztia prest, pentsatzen dut.

Ia guztia. Azken lantxoak egiten dihardugu azken aste honetan eta domekan Bastidara zatoztenok guztia prest aurkituko duzue.

Zer nolako ibilbidea izango da aurtengoa?

Beste gauza batzuen artean ibilbidea da aurtengo berritasuna. Aurreko edizioetan herrian zehar eta Toloñoren magalean ibili gara eta aurten herriaren hegoaldetik egitea erabaki dugu, herriaren beste ikuspegi bat izateko. Bestalde, garrantzia eman nahi izan diogu erosotasunari: hiru kilometro eta erdi pasatxo izango ditu, beraz, nahiko motza da; nahiko laua; eta aparkalekuetatik nahiko gertu ipintzea erabaki dugu. 

Eta guneak?

Lau egongo dira eta horrekin batera ibilbidean barrena giro ona egoteko beste zenbait emanaldi ere bai. Lehenengo gunea ikastolan egongo da eta gunea zein ikastola bera jaiaren ardatza izatea nahi dugu. 10:00etatik aurrera emanaldi dezente egongo dira: hasteko herri kirolak, eguerditik aurrera Entropia eta Bizardunak bezalako taldeak, eta iluntze partean, Oihan Vegarekin disko festa. Hirugarren gunea umeei eskainitakoa da eta besteak beste, Irrien Lagunen Klubekoak egongo dira eta flashmob bat ere grabatuko da. Bigarren gunea apur bat lasaiagoa izango da, erromeria giroarekin. Eta laugarren gunea, martxosoenendako izango da, Gatibu eta Nahixan taldeen kontzertuekin, esaterako.

Debagoiendarrak gonbidatuta egongo dira, jakina.

Bai, eskualde honetan euskara eta ikastolen proiektua indartzeko baliabideak derrigorrezkoak dira-eta, baina horrez gain, egun zoragarri bat pasatzeko aukera izango dute paisaiarekin, jaiarekin...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak