Bergarakoari dagokionez, kanpoko berdegunea eta igerilekua irekiko dituzte, eta horrekin batera udako ordutegia ere estreinatuko dute: 10:00etatik 20:30era egongo da zabalik kanpoko gunea. Era berean, barruko igerilekua ere zabalik egongo da, ohiko ordutegian. Aipatzekoa da denboraldi berriari begira instalazioetan egindako egokitzapenen artean, futbol zelaiaren eta berdegunearen goiko terrazaren artean hesia jarri dutela erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko asmoz. Horrekin batera, berdegunearen sarreran umeek patineteak lagatzeko gunea egokiko dute. Bestalde, aulkiak eta hamakak gordetzeko tokia ere egokitu dute, kanpoko igerilekuko komunetan. Hala, egunero atzera eta aurrera ibili gabe, bertan laga ahal izango dira eta gomendatu dute kandaduarekin lotzea arazorik ez izateko. Era berean, Kirol Zerbitzuak argi utzi nahi du lekua laga duela, baina ez duela bere gain hartuko zainketa.
Eskoriatza eta Arrasaten, bihar
Arrasaten bihar, zapatua, irekiko dituzte kanpoko igerilekuak, zenbait berrikuntzarekin, gainera: igerilekua inguratzen duen eremua txikitu egin dute. Izan ere, leku asko alferrik galtzen zela ikusi dute, eta, igerilekuaren bueltan dagoen baranda mugituta, eremu hori ahalik eta gehien txikitu dute, eta eguzkia hartzeko lekua irabazi. Horrekin batera, kanpoko igerilekurako sarrera ere aldatu egin dute eta larrialdi irteera baliatu dute. Kontuan hartu behar da, bestalde, bihar kanpoko igerilekuak zabaltzearekin batera, barrukoak itxi egingo dituztela.
Eskoriatzan bihar, hilak 16, irekiko dute denboraldia. Hala, berdeguneaz eta kanpoko igerileku txikiaz –6 urtera arteko umeendako– gozatu ahal izango dute erabiltzaileek. Barruko igerilekuak ere zabalik jarraituko du.
Irailaren 16ra bitartean luzatuko da udako denboraldia eta ordutegiari dagokionez, kanpoko igerilekua zabalik egongo da astelehenetik zapatura, 10:00etatik 20:00etara eta domeketan 10:00etatik 14:30era. Barrukoak, berriz, ohiko ordutegia izango du.
Oñatin, etzi, domeka
Oñatin domekatik aurrera egongo da aukera berdegunera irten eta eguzkia hartzeko. Uztailaren 31ra arte, zapatu, domeka eta jai egunetan 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; astegunetan, berriz, 07:30etik 21:30era. Abuztuan itxita egongo da astelehenetan, eta gainerako egunetan 10:00eatik 20:00etara egongo da zabalik. Irailaren 1etik aurrera, ohiko ordutegira itzuliko dira.
Oñatik eskaintzen duen bainurako beste gune bat Usako da. Ekainaren 23an irekiko dute bainu denboraldia irailaren 16ra arte. Denbora tarte horretan sorosle bat egongo da egunero, 15:00etatik 20:00etara.
Uribarri Ganboan ere bihar
Uribarri Ganboako urtegian ere bihar, zapatua, irekiko dute bainu denboraldia, irailaren 2ra arte. Azken urteetan bezala, bainurako lau guneetan, Garaion –bi gune daude–, Landan eta Uribarri Ganboan sorosleak egongo dira 12:00etatik 20:00etara; eta asteburutan, 16:00etatik 20:00etara, sorosle bat gehiago jarriko dute errefortzurako, horiek dira-eta Arabako Foru Aldundiaren esanetan, erabiltzaile gehien batzen diren orduak.
Arabako Aldundiak emandako datuen arabera, iaz 235.000 lagun zenbatu zituzten bainu-guneotan. Horrekin batera, ibilbide berde perimetrala da zonaldearen beste atraktiboetako bat, oinez zein bizikletan egiteko. Garaioko informazio bulegoan (09:30etik 20:30era egongo da zabalik) bizikletak alokatzeko aukera egongo da ekainaren 18tik irailaren 2ra arte, 2 eurotan; 1 umeek.