Aldundiak 362.000 euro bideratuko ditu aniztasun proiektuetara

Goiatz Arana Begiristain 2012ko ekainaren 14a

"Arrazoi ekonomikoak, politikoak, kulturalak eta sozialak tarteko, migrazio fluxuek euskaldun ugari barreiatu dituzte mundu zabalean, eta askotariko jatorrietako pertsonak eta taldeak etorri dira Euskal Herrira eta Gipuzkoara”, Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritzak dioenez. Horregatik, jatorri aniztasunaren ezagutza eta aitortza sustatzea dira helburuak. Udalek eta herri mugimenduek egin ahal izango dituzte eskaerak, uztailaren 18a baino lehen.    

Diru-laguntzek bi ildo izango dituzte. udalentzako ildoak 272.000 euro ditu; eta herri mugimenduei bideratutakoak, 90.000.

Diru-laguntzetara aurkeztutako programek eta egitasmoek honako irizpide orokor hauek bete beharko dituzte, besteak beste: euskara sustatzea, kohesio elementu gisa; jatorri aniztasuna bultzatzea, elkarren aitortzarako estrategia gisa; eta aukera berdintasuna bermatzea eta pertsonen zuzeneko parte-hartzerako eskubideari begirunea izatea. Udalei dagokienez, proiektuok bertako herritarren jatorri aniztasunari buruzko diagnostikoak edo ezberdintasunerako eskubidearen eta aukera berdintasunaren aldeko egitasmoak har ditzakete barne, baita sentsibilizazio edo prestakuntza programak ere.

Udalek aurkeztutako proiektuek 18.000 euro jasoko dituzte gehienera -24.000 euro, mankomunitate batek edo udal talde batek aurkeztuz gero-; herri mugimenduenek, 3.000.

Bai udalek bai elkarte edo taldeek hiruna proiektu aurkeztu ahal izango dituzte. Diru-laguntza deialdia ekainaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta eskaerak hortik aurrera aurkeztu beharko dira, uztailaren 18ra bitarte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak