"Nafarroa bizirik" dagoela aldarrikatzeko, martxa nazionala Iruñean

Txomin Madina Milikua 2012ko ekainaren 13a

Zapatu honetarako egun osoko egitaraua antolatu dute Iruñean. Martxa nazionala 17:30etan hasiko da, baina aurretik eta ondoren beste hainbat ekintza ere egongo dira; besteak beste herri bazkaria eta kontzertuak. Debagoienetik joateko autobusa antolatu dute, eta herritarrei bertara joateko deia egin diete Debagoieneko Nafarroa Bizirik taldekoek..

Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena dela eta zapatu honetan Iruñean egingo den martxa nazionalari eta horren inguruko ekintzei buruzko informazioa eman dute Debagoieneko Nafarroa Bizirik taldekoek. Azaldu dutenez, egun horretan jaia eta aldarrikapena uztartu gura dituzte, eta horretarako egun osoko egitaraua egongo da.

Hala, goizean goizetik hasita hainbat ekintza egongo dira, besteak beste, kale animazioa Alde Zaharrean, artisau eta editorialen azoka, herri kirolak, umeen txokoa eta baita herri bazkaria ere, Zezen Plazan egingo dena.

Hitzordu nagusia arratsaldean izango da, 17:30etatik aurrera. Martxa nazionala egingo dute orduan Antoniutti parketik abiatuta eta 500 urte eta gero... Bizirik! lelopean. Antolatzaileek Euskal Herri osoko ordezkariak biltzeko deia egin dute, eta  herri bakoitzeko ordezkariek herriaren izena daraman estandartea eroateko aukera egongo da. Martxaren bukaeran, ekitaldia egingo dute Gaztelu plazan.

Musikak ere izango du bere tartea, eta 19:30etatik aurrera kontzertuak egongo dira Zezen Plazan  Su Ta Gar, Barricada, Vendeta eta Goienetxe Anaien eskutik. Informazio gehiago, hemen.

Autobusa Debagoienetik

Debagoienetik Iruñera joateko autobusa ere antolatu dute. 10:30etan irtengo da Eskoriatzatik, eta geldialdiak egingo ditu Aretxabaletan (10:45), Arrasaten (11:00) eta Bergaran (11:15). 20:00ak inguruan bueltatuko da autobusa. Antolatzaileek esan dutenez autobusa betetzeko leku gutxi batzuk geratzen dira, eta izena eman gura duteneke, Irati tabernara jo behar dute.

Autobusez edo norbere kabuz, baina zapatuan Iruñera joateko deia egin diete herritar guztiei Debagoieneko Nafarroa Bizirik taldetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak