Markel Irizar: "Domekan jakingo dut Tourrera noan ala ez"

Xabier Urtzelai 2012ko ekainaren 13a

Markel Irizarrek Pirinioetarako bidea hartuko du egunotan Haimar Zubeldiarekin batera, Tourreko mendateak bertatik bertara errepasatzera: "Igual ez naiz bederatzikoan egongo, eta muturrekoa hartuko dut, baina zer egingo diogu", dio umorez. "Erabakia edoizen dela ere prest nago". Suitzako Itzulia amaitu arte zain egon behar.

Ondo daki Oñatikoak Radioshack Nissan Trek moduko talde batean Tourrerako aukeratua izatea ze zaila den: "Oso jende ona geratuko da kanpoan, Horner ez doa [Andy Schleck-ek ere ez omen da egongo lesionatuta dagoelako, gaur emango du prentsaurrea], eta iaz baino zailago badago ere badut esperantza. Dauphinen maila ona erakutsi dut eta ondo iritsiko nintzateke lasterketara, gustura nabil . Nik uste dut Johanek [Bruyneel] ere zalantza mordoa dituela bederatziko hori aukeratzeko".

Badaezpada, datozen egunak Pirinioetan egingo ditu Irizarrek: "Bagneres de Luchon aldera goaz, hango mendateak ikustera [Hemen uztailaren 19an egingo duten etapa]. Hala, domekan berri onak jasotzen baditugu Pirinioetan geratuko naiz Tourra prestatzeko lanetan".


Bestela, Austriara
Suitzako Itzulia amaitzeaz batera jakingo du Tourrean izango den ala ez: "Domekan jakingo dugu, baina prest nago edozein erantzun jasotzeko. Tourrera ez banoa Austriara joateko eskaera egin dut". Begiz jo du hango erlojupekoa. "Gainera, ondoren etorriko da Vuelta".

Oraingoz, Tourrera joateko taldeak hamalau izen aurreratu ditu, eta horietatik bederatzi aukeratuko dituzte. Segurua dena Zubeldiak lekua izango duela bederatziko horretan: Fabian Cancellara, Jakob Fuglsang, Tony Gallopin, Linus Gerdemann, Markel Irizar, Andreas Klöden, Maxime Monfort, Yaroslav Popovych, Gregory Rast, Hayden Roulston, Andy Schleck, Fränk Schleck, Jens Voigt eta Haimar Zubeldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak