Debagoieneko Lehen Txakolin Eguna, XI. Jardunaldi Gastronomikoetan

Maialen Regueiro 2012ko eka. 13a, 13:26

Debagoieneko XI. Jardunaldi Gastronomikoak aurkeztu dituzte gaur, eguaztena, goizean. Ekainaren 15etik uztailaren 31ra arte, ekimenarekin bat egiten duten jatetxeetan, menu bereziak gertatuko dituzte eskualdeko barazkiekin, euskal baserriko oilaskoarekin eta txokolatearekin. Jardunaldion beste berezitasun bat izango da lehen aldiz egingo den Debagoieneko Txakolin Eguna; uztailaren 15ean egingo da, Antzuolan.

Debagoieneko Lehen Txakolin Eguna antolatu du uztailerako Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Sailak XI. Jardunaldi Gastronomikoen baitan. Izan ere, jardunaldiotan, eskualdean txakolina ekoizten dutenak ere hasi dira elkarlanean. Uztailaren 15ean izango da Txakolin Eguna, Antzuolan, eta bailarako hiru ekoizlek hartuko dute parte: Arrasateko Jabier Arregik, Kataide txakolinarekin; Arrasateko Felix Etxagibelek Otxia-rekin; eta Oñatiko Juan Zelaiak Upain-ekin. Egun horren helburu nagusia da eskualdean ekoizten den txakolina ezagutzera ematea.

Sasoiko produktuak

Garaian garaiko produktuekin menu bereziak gertatzea da jardunaldion bereizgarri nagusietako bat, eta hala izango da hamaikagarrenean ere: Debagoieneko baratzeko barazkiak, euskal baserriko oilaskoa eta txokolatea dira oraingoan aukeratu dituzten produktuak.

Barazkiak haurrei hurbiltzen

Bertako produktuak zuzenean ekoizleei erostea aukera bat da, baina azokak ere aukera ona izaten dira Debagoieneko ekoizle zein artisauen produktuak bertatik bertara ezagutzeko eta dastatzeko. Hori horrela, jardunaldi berezia ere egongo da uztailaren 21ean, bertako eta sasoiko barazkiak bailarako haurrei hurbiltzeko asmoz. Hain justu ere, Arrasateko Seber Altube plazan egiten den azoka aprobetxatuta, umeendako tailerrak antolatu ditu Auzo Lagunek.

Ibilbidea

Debagoieneko Mankomunitateak eta eskualdeko hainbat jatetxek 2009an eman zituzten lehen pausoak, eta elkarlana gastronomia arloko beste eragile batzuetara zabaldu da geroz. Antolakuntzan Debagoieneko Landa Garapenerako Elkarteak hartzen du parte, lehen sektoreko eragileak dinamizatuz; lehen, bigarren eta hirugarren sektorea elkartuz, eskualdeko baliabide gastronomikoak balorean jartzea da helburua. Bergarako gozogile artisauak aurreko jardunaldietan hasi ziren parte hartzen; X. Jardunaldi gastronomikoetan gazta ekoizten duen artzainen lan taldea eta txakolin ekoizleak ere gehitu ziren;...

Parte-hartzaileak

Jardunaldiotan Arrasateko Hilarion, Hamalau eta Santa Ana jatetxeek hartzen dute parte; Bergaratik, Lasa eta Zumelagak; Elgetatik, Maialde Hotelak; eta Oñatitik, Etxe-Aundi, Goiko Benta eta Soraluzek. Sasoiko produktuak oinarri hartuta, jatetxe hauek euren menuak gertatu eta eskaintzen dituzte. Jatetxe bakoitzak zehazten du menua eskainiko duen eguna. Menu bereziak dira, prezio berezietan eta garaiko produktuekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak