Atzo aurkeztu zuen Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretarako diputatuak errepideen finantziazioari buruz Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamena. Batzar Nagusietan egiten ari diren batzorde txostengilearen eskariz Aldundiak landu duen ponentzia markoaren barruan sartzen da proposamen hori. Bertan planteatzen da N-1, A-15 eta Beasain eta Durango arteko GI-632 errepideak erabiltzeagatik ordaintzea.
Aldundiak landutako ponentzia markoan egungo egoeraren berri ematen dute, baita ezarri beharreko finantziazio sistemak izan beharreko ezaugarriak azaldu ere. Larraitz Ugartek azaldu zuen egungo errepide sistemak bi akats dituela: batetik, duen aurrekontua ez dela nahikoa behar guztiak ordaintzeko; eta bestetik, bidesarien bidez jasotzen dena ez dela justua, errepide batzuetan ordaintzen delako eta beste batzuetan ez. Bere esanetan hori inertziaren ondorioa da, ez erabaki politiko neurtu baten ondorioa.
Finantziazio sistemaren ezaugarriak.
Ezarri beharreko finantzazio sistemaren ezaugarriei dagokienez, Ugartek azaldu zuen sistema horrek Gipuzkoa barruko berdintasuna bultzatu behar duela desorekekin amaituz, eta erabiltzen eta kutsatzen duenak ordaintzea dela jarraitu beharreko irizpidea. Gipuzkoako garraiolariekin leunagoak izango diren baina era berean Europako araudiarekin bat egiten dituzten neurriak planteatzen dituen sistema bat jarri behar da Ugarteren esanetan. Bere hitzetan errepide sarearen gastuei aurre egiteko nahikoa diru bermatzen duen sistema asmatu behar da, Bidegiren finantza oreka muga izango duena.
Sistema gainera, Euskal Herriaren barne zirkulazioa eta mugikortasuna bermatuko dituen sistema bat izan behar da Larraitz Ugarteren esanetan. Gaur egun libreak diren errepideetan ordainketa sistemak jarri behar direla argi dutela gaineratu zuen azpiegituretarako diputatuak. Ugartek azaldu zuenez, atzo aurkeztutakoa proposamen teorikoa da, eta orain nahi dutena da alderdi guztien artean eztabaida politiko bat izatea eta akordioak lortzea.
Dena den, diputatu oñatiarrak EAJk eta PSEk izandako jarrera kritikatu zuen, bere esanetan Batzar Nagusietan "ponentzia dinamitatzen" ahalegindu direlako.
PP, PSE eta EAJ, proposamenaren kontra
Momentuz baina, alderdien arteko akordiorako bidea zaildu egin da. Izan ere atzo arratsaldean bertan EAJ, PSE-EE eta PPko botoei esker, atzera bota zuen errepideetako batzorde txostengileak Aldundiaren proposamena. Hala, Aintzane Oiarbide EAJko batzarkide eta batzordeko kideak ezkutuan ibiltzea egotzi zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta plan zehatz bat egiteko eskatu. Eneko Andueza sozialistak bestalde, Ugarteri eskatu zion argi azaltzeko zein den nahi duten errepide eredua.
Honen ostean, Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituren Departamentutik adierazi dute EAJk, PSE-EEk eta PPk arau jokoak gogoko ez dituztenean, arauak hausteko inolako lotsarik ez dutela. Gaineratu dute epeak eta arauak errespetatu gabe bota dutela atzera errepideen finantziazioari buruzko Diputazioaren oinarrizko txostena