Frutak eta barazkiak ia 5 aldiz garestiagoak dira dendan baserrian baino

Leire Kortabarria 2012ko ekainaren 12a

Dieta osasuntsua izatea gero eta zailagoa da, neurriz kanpoko prezioen erruz. Eta prezio horren zati handiena baserritik kontsumitzailearengana joateko bidean hartzen du produktuak. Nekazal-erakundeen koordinakundeak, COAGek, egindako txosten baten arabera, nekazaritzako produktuak ia 5 aldiz garestiagoak ziren dendan baserrian baino.

Hala, joan den maiatzean, kipularen prezioa %845 aldiz handiagoa izan zen dendan ekoizpen-lekuan baino; alkatxofarena, %726 aldiz handiagoa; azarena, %647 aldiz handiagoa; madariarena, %569 aldiz handiagoa…

Egunero-egunero kontsumitzen diren produktuak ere ez dira hortik kanpo geratzen: patataren prezioa %500 handiagoa izan zen; behi-esnearena, %161; oilaskoarena, %132; txahal-okelarena, %327…

Indize hori, IPOD izenekoa, COAGek, Nekazal-erakundeen koordinakundeak, UCE eta Ceaccu kontsumitzaileen elkarteekin batera egindakoa da. Batez beste, nekazaritzako produktuen prezioa 4,84 aldiz puztu zen maiatzean baserritik saltokira bidean, eta abeltzaintzako produktuena, 3 aldiz.

Prezio soilei begiratuta ere argi geratzen da produktua ekoiztea kostatzen dena baino zenbat gehiago ordaintzen duen kontsumitzaileak: kipula kiloa 0,11 euro kostatzen zen ekoizpen-lekuan, eta 1,04, saltokian; txahal-okela kiloa, 3,91 euro baserrian eta 16,68 euro saltokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak