Bestalde, Europako Batasunak, joera demografikoa aintzat hartuta, aurten aitortu du Zahartze Aktiboaren eta Belaunaldi Arteko Elkartasunaren Europako Urtea. Helburuak hauek dira: nagusiek jendarteari eman diezaioketenaren gaineko kontzientzia piztea, eta arduradun politikoak eta interesa duten guztiak bultzatzea zahartze aktiborako aukera gehiago sortzera.
Beraz, ordua da kontzientzia handiagoa hartzeko, eta 65 urte edo gehiago dituztenak gero eta gehiago kontuan hartzeko.
Askoren zaintzaileak dira
Zahartze aktiboa da osasuntsu zahartzea, jendartean bete-betean parte hartuta eta lanean eta eguneroko bizitzan poziago eta burujabeago izanda. Izan ere, Urte horren antolatzaileek diotenez, "edozein adin dugula ere, jendartean gure zeresana izan dezakegu, eta bizi-kalitate hobea helburutzat izan".
Kontua da, gainera, gauzak asko aldatu direla. Oraingo erretiratuak beste garai batzuetakoak baino gazteagoak dira eta osasun hobearekin hartzen dute erretiroa; hobeto prestatuta daude, hobeto informatuta, eta, Europako Batasunak berak onartzen duenez, gauza asko egiten dute jendartearendako. Gaur egun, erretiratu askok beste pertsona batzuk zaintzen dituzte: sarri, euren gurasoak; baita senarra edo emaztea ere, kasu batzuetan; eta, sarri askotan, ilobatxoak. Horrez gain, boluntario gisa inplikatzen dira, eta Debagoienean ere horren adibide asko daude: Caritas, Elikagaien Bankua eta beste erakunde batzuetan dabiltzan boluntarioetatik asko 65 urte edo gehiagokoak dira.
Lan munduan ere gauzak asko aldatu dira: orain, 65 urtetik gorako guztiak ez dira erretiratuak, erretiroa gero eta beranduago hartzen delako Europan, eta jende askok ezin izango du, edo dagoeneko ezin du ohiko lanpostuan jarraitu edo beste bat topatu harik eta pentsio duin batekin erretiroa hartu arte. Horregatik, jendarteak beste erronka hau du: adin batetik gorako langileei lan-aukera hobeak eman eta, erretiroa hartzen dutenean edo beste arrazoi batzuengatik pentsiodun bihurtzen direnean, ahalik eta pentsio duinenak izan ditzaten eskatu erakunde publikoei.
Lan handia, baina pozik egina
Dena dela, oraindik erretiratuak dira 65 urtetik gorako debagoiendar gehienak. Eta gehienon ustea egia da: orain hamarkada batzuk erretiratzen zirenak baino aktiboagoak dira, eta oraindik jendartean parte hartzeko, jendarteko kide aktibo izateko gogo handiarekin daude.
Erretiroa "ez zen inongo trauma" izan Isidro Palacin oñatiarrarendako. Oñatiko Pake-Leku erretiratuen elkarteko bazkide da, eta hango Bidaien Batzordeko kidea, Xabier Arregi, Juan Luis Arabaolaza eta Gurutze Azkaraterekin batera. Urtean, egun bateko lau edo bost irteera egiten dituzte, eta beste hiru edo lau, zazpi eta hamar egun artekoak. Urte bukaera aldera batzen dira Bidaia Batzordekoak eta hurrengo urteko programa egiten dute. "Lan handia da, baina gustura egiten dugu. Batzordea aurten uzten duten bi lagunak penaz doaz", esaten digu Palacinek.
Bidaia horiek ez dira patxada-patxadakoak ere, ez guztiak behintzat; martxa gogoarekin daude oraindik: "Tolosako Inauteri-martitzenera irteera finkoa da, jendea oso gustura joaten delako. Egun horretan, Astigarragan, sagardotegian bazkaltzen dugu, dantza egiten dugu…", esaten du arduradunak. Horrez gain, urtero bidaia-izar bat izaten dute: 2009an Egiptora joan ziren 47 erretiratu; 2010ean, Turkiara beste taldetxo bat; iaz, Adriatikoko uharteetara itsas-bidaia egin zuten 57 lagunek, eta aurten, etorri berri dira Mediterraneoko beste itsas-bidaia batetik beste horrenbeste lagun. Eta ia urtero joaten dira ere Kanariar Uharteetara, otsailean, hango giro ederraz gozatzera. Oro har, urtero 600 eta 800 bidaia-plaza inguru betetzen dira. Gehienak "erretiroa hartu berriak dira, baina badaude ere 83-84 urtekoak, animu handikoak".
Isidro Palacinek dioskunez, hiru bat bidaia-agentziaren bidez antolatzen dituzte bidaia gehienak, eta haiek ere harrituta daude zenbat erretiratu mugitzen diren: "Gasteizko agentzia batekoak esan zidan, Gasteizen, 50 laguneko taldea lortzeko zoratuta ibiltzen zela; eta gurekin, aldiz, segituan osatzen zuela".
"Lehenago hartu behar nuen"
Isidrori dagokionez, bidaiak antolatzen "jo eta su" ibiltzen direla esaten digu, eta, horrez gain, Aloña Abesbatzan ere badabil: "Ni aste osoan nabil zer edo zertan: astelehen, eguazten eta egubakoitzetan, bidaien batzarra egiten dugu; eta martitzen eta eguenetan, kantuan egiten dut". Horrekin eta konpromiso horietatik kanpoko kontuekin, agenda bete-beteta dauka.
Bere iritziz, egia da erretiratuok gauza askotan ibiltzen direla orain. Izan ere, "normala da gazteek ilusio handiagoa izatea. Bestalde, orain gero eta gauza gehiago daukagu egiteko. Pake-Lekuren Erretiratuen Asteko programa ikusi besterik ez dago". Oraingo astean ospatzen dute hori Oñatiko erretiratuek.
Musikan sartuta dabil ere Jose Luis Azkarate arrasatearra. Orain dela 10 urte hartu zuen erretiroa, baita pozik hartu ere: "Lehenago hartu behar nuen; 10 urte lehenago", esaten digu hark. Ia-ia Suediara joateko maletak egiten harrapatu dugu. Musikarekin lotutako bidaia, hori ere: 2008an Txorbela otxotea sortu zuten lagun batzuek, Jose Luisek tartean, eta Suediako abesbatza batek iaz Arrasatera egindako bisitaren ordaina egin behar dute orain. "Normalean, egubakoitzetan entseatzen dut otxotearekin; baina orain, Suediara joateko entseatzen gabiltza, eta martitzenetan ere entseatzen dugu. Sanjuanetan joango gara Suediara, baina bitartean, ezkontzak ere baditugu". Eta urtero Arrasaten egiten den zarzuelan ere kantatzen du Jose Luisek; horren entseguak hasten direnean ere, bertan izango da.
Mondra futbol taldearen jarraitzaileek gogoan dute ere Jose Luis, klubeko presidente izan zelako 2006an hasi eta lau urtean, eta urte bikainak izan ziren Mondrarendako. Kirola betidanik gustatu izan zaio, eta gaur egun ere, "partidu guztiak" ikusten ditu: "Mutilenak, neskenak, zaharragoenak, gazteagoenak…", esaten digu. Ikusi ez ezik, egin ere egiten du kirola: "Martitzen, eguen eta zapatuetan, goizean, Gatzagako frontoira joaten gara lagunok, eta frontenisean ibiltzen gara. Benetako borrokan, gainera! Mutikoak bezala ibiltzen gara".
Sukaldean ibiltzea eta janariak prestatzea ere asko gustatzen zaio, eta etxean eta Ziar-Ola elkartean jarduten du. Horrez gain, errekaduak egiten ditu: "Obrak ikusteko astirik ez daukat nik. Erretiroa orain hamar urte hartu nuen eta oraindik ez daukat gura dudan dena egiteko astirik", esaten du.
Europa, gu baino aurrerago
Erretiratu horiek dioskutenez, osasunez "ondo" eta sasoi onean daude, eta osasunak ez ditu bereziki kezkatzen.
Zahartze Aktiboaren Europako Urteko beste helburu bat da jendeari laguntzea ahalik eta luzaroen burujabea izan dadin, bere kabuz bizi eta gauzak egin ahal ditzan. Eta horretan ere, asko aurreratu da. Europako Batasunaren deialdiak dioenez, "inguruan oso aldaketa txikiak eginda, asko hobetu daiteke bizimodua osasun arazoak eta desgaitasunak dituztenendako". Horrekin lotuta, gero eta zerbitzu publiko gehiago eta hobeak daude, eta, bestalde, Europako herrialde aurreratuenetan lehen gertatu zen bezala, gero eta sentsibilitate handiagoa dago.
Zahartzen dabilen jendeak dituen premiei erantzuteko enpresa berriak sortzen dabiltza, eta horietako bat, sortu berria, Arrasaten dago, Mankomunitateak Nafarroa Etorbidean duen egoitzako lokalean. Saroan du izena eta Sara Alavak eta Jorge Agirrek sortu dute. Euren helburua da nagusiei eta familia osoari "gauzak erraztea eta lasaiago eta hobeto bizi izaten laguntzea".
Izan ere, ohitu gara pentsatzera behar berezia duten bakarrak mendekoak direla; baina ez da horrela. Sara Alavak honela diosku: "Asko burujabeak dira, baina dagoeneko badauzkate eguneroko gauzak egiteko zailtasun batzuk. Eta denetarik dago: batzuk nagusiagoak eta beste batzuk gazteagoak; familian edo bakarrik bizi direnak. Egoten dira guk lagundu diezaiokegun eguneroko gauza batzuk: medikura joan; etxean paperak, agiriak kudeatu: fakturak, ailegatzen den informazio piloa…; etxean ere tramiteak egin; bankura joan… Batzuetan ez dira gai; eta beste batzuetan, bai, baina apoio bat behar dute. Hala, askotan, ez dakite zerbait zelan egin, zer eskatu behar duten eta non, nora joan…".
Sarak eta Jorgek diotenez, "Europan askoz aurreratuago daude. Dena dago nagusiengana askoz zuzenduagoa, alde teknologikotik eta bestelakotik. Hemen lo geratu gara; orain hasi gara esnatzen".
-----------------
Saroan: "Gauzak erraztu nahi dizkiegu"
Nagusientzako laguntza zerbitzua ematen du Saroan enpresak. Arrasaten dute bulegoa Sara Alava eta Jorge Agirrek. Argi uzten dute nagusiendako "baliabide asko eta onak" daudela. Hala ere, badago oraindik zer egin eta badaude oraindik hutsuneak. Izan ere, euren esanetan,"bizimodua asko aldatu da: orain, gizon-emakumeek egiten dute etxetik kanpo lan, umeak beranduago izaten dira, eta familiarendako ere, egoera berriak sortzen dira: lanera joan, umeak atenditu, aita edo ama ere bai, eta aitak edo amak behar batzuk izaten dituzte". Bestalde, teknologia berriek "askotan segurtasun falta" sortzen dute. Horrela, batzuetan, erresidentziara eramaten da pertsona nagusia nahiz eta oraindik horren beharra ez izan. "Beharbada pertsona hori bada bere kabuz bizi izateko gai, eta hori nahi du, eta laguntza pixka bat nahikoa du horretarako": medikura lagundu, konpainia pixka bat, mugitzen eta irteten lagundu… Eurek zuzenean ematen ez dituzten zerbitzuak kudeatu ere egiten dute: obra bat egiteko, mendekotasuna duen norbait zaintzeko… horretarako pertsona egokia bilatu eta tramiteak egiten dituzte. Azken baten, helburua hauxe da: "Pertsona horri eta familiari eguneroko gauzak erraztu".

