Hauxe da, hain justu ere Ugarteren iritzia:
- EAJk, PSE-EEk eta PPk argi utzi dute arauak gustuko ez dituztenean arauak hausteko inolako lotsarik ez dutela. Hiru alditan saiatu dira errepideen finantziazioaren ponentzia suntsitzen eta lortu ez dutenez, laugarren aldiz ere saioa egin dute, lortu arte. Zuzenketak aurkezteko epea bukatu ondoren, oinarrizko txostena berridaztea eskatzea lotsagarria da. Erakundeekiko errespetuaz etengabe aritzen diren horiek batere errespeturik ez dutela agerian utzi dute.
- Ez dagokio Departamentuari oinarrizko txostena egitea, baizik eta alderdi politikoei, baina Departamentuak oinarrizko txostena aurkeztea erabaki zen guztien artean, lanerako askoz ere sistema eraginkorragoa delako. Beraz, Departamentu honek argi du ez duela txostena berriro idatziko.
- Talde Txostengilearen lana irizpide politikoak adostea izan beharko litzateke, gero planteamendu teknikoak zehazteko, baina oposizioak beldur dio planteamendu politikoak eta eztabaida politikoa egiteari, eta horregatik, talde txostengilea saboteatu du. Gaur egungo egoeran duten ardura onartu eta eztabaidatu eta adostu beharrean saboteatzearen hautua egiten dute.
- PSE-EEk eta EAJk ez dute proposamen bakar bat aurkeztu eta agerian utzi dute Aldundiaren lana zango-trabatzea beste helbururik ez dutela, eta horretarako Gipuzkoako herritarrak, garraiolariak eta abar kaltetu behar badituzte ere bost axola zaiela.
- Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean bertan berretsi du akordioetara iristeko asmoa, baina oposizioko alderdi horiek arduraz jokatu beharrean bizkarretik aritzea aukeratu dute.
- Aldundiak lanean jarraituko du errepideen finantziaziorako sistema justuago baten alde, eta epe laburrean proposamen zehatzak jakinaraziko dizkie herritarrei.