Gipuzkoako errepide azkar guztietan bidesaria ipini nahi du Diputazioak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 11

Lurraldeko errepide nagusi guztietan bidesaria jartzea erabaki du Foru Aldundiak. "Desoreka edo injustiziak amaitze aldera, erabiltzen duenak ordaintzearen printzipioaren alde egin behar dugu", esan du diputazioak. Hala, Andoaindik Irurtzunera bitartekoan (A-15), Nazional 1ean eta Beasaindik Bergarakoa erabiltzearren, ordaindu egin beharko da 2015a baino lehen.

Lurraldeko "gaitasun handiko errepide" guztiak, 2015a baino lehen ordainpekoak izango dira. Gaur egun AP-1 eta AP-8 dira ordainpekoak. Bada, aurrerantzean, A-15, N-1 eta GI-632 (Beasain-Bergara) ere izango dira. Debagoiena errepide azkarrez lotuta egongo da Gipuzkoarantz, Nafarroarantz, Bizkairantz eta Arabarantz, baina horiek erabiltzearren, ordaindu egin beharko da, derrigorrez; alternatiba, errepide zaharrak, mendatedunak, erabiltzea izango da.

"Diru gehiago"

"Gaur egungo zerga eta bidesarien sistema mistoarekin argi dago ez garela gure helburu ekonomikoetara iristen. Ez ditugu errepideak mantentzen, zorra ordaintzeko eskas gabiltza, ezin dugu ezer eraiki… Gehiago bildu behar da, eta modu orekatuago batean", esan du Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Azpiegitura diputatuak.

"Alderdiak bat etortzea espero dugu"

Era berean, esan du espero duela Batzar Nagusietako beste alderdiak ere alde agertuko direla. "Erabiltzen duenak ordaintzearen printzipioaren alde egin behar dugu. Gipuzkoa barruko berdintasuna bultzatu behar du, egun dauden desoreka edo injustiziak amaitze aldera".

Larraitz Ugarte diputatuak eta Joseba Altube errepideetako zuzendariak eman dituzte aditzera gaur, astelehena, hedabideen aurrean, Diputazioaren asmoak. Ugartek adierazi du, oraingoz, asmoak baino ez direla eta zehaztasunetan aurrerago sartu eta adostasunetara iritsi beharko direla.

Ordaintzeko era zehazteko

Zentzu horretan, ordaintzeko moduak oraindik zehazteke dituztela aurreratu du, Via-T ala Biñeten eredua erabiliko duten.

Diru sarreren aldetik, gaur egungo errepideak mantendu eta berriak egiteko arazo handiak dituztela esan du Ugartek eta diru gehiago jasotzeko neurriak hartu beharraz ohartarazi.

Udako ordainsariak

Azkenik, Ugartek salatu du EAJk eta PSE-EEk atzera bota izana udan ordainsariak igotzeko plana. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak