Ezker Batuko alderdikideekin zenituzten gorabeherak ahaztuta dituzue dagoeneko?
Haustura erabat gaindituta dago. Aurreko urtean marra gorriak erabat gainditu ziren eta erabaki bat hartu genuen: banatzea. Eta, hala sortu dugu alderdi berria aurtengo urtarrilean, Izquierda Unidarekin protokoloa adostuta, elkarrekin lan egiteko. Ezker antikapitalista federalaren esparruan kokatzen gara.
Benetan itsusia izan zen episodio hura, ezta?
Erabat. Eta, gainera, oso isilpean egindakoa, norberaren probetxurako. Elkartasunaren, zintzotasunaren, gardentasunaren aldeko bozka eskatu ostean, ikustea, hilabeteko epean, nork bere probetxurako zela erabili nahi dituen bozka horiek benetan desatsegina da.
Zer deritzozu Bankiarekin gertatutakoari?
Denok haserre jartzeko moduko kontua da. Orain dela gutxi esaten zitzaigun Espainiako finantza erakundeen egoera oso ona zela. Eta, orain, ikusi dugu hori ez dela egia eta Bankiaren egoera ez ezik, beste hainbat kutxarena ere ez dela onena.
Ze soluzio dauka?
Lehenik eta behin, gardentasun osoz jokatu behar da, baina ikusten dugu PPk ez daukala ezelako interesik garden eta garbi jokatzeko. Eta horretaz gain, erantzukizuna ere eskatu behar zaie arduradunei, ze kudeaketa txarraz gain, faltsukeria eta gezurra ere ikusi baititugu hemen. Munduko merkatuen aurrean sinesgarri izan nahi baduzu, egia osoa kontatu beharko duzu. Eta, kontuak garbi azaltzeaz gain, jakinarazi beharko da hori egin dutenek pentsioa kobratu beharrean kartzelan bukatu behar dutela. Bankiako eta Espainiako bankuko arduradunek kartzelan bukatu beharko dute.
Estatuak esku hartu dituen finantza erakundeak publikoak edo Estatuaren menpeko bihurtzea eskatu duzue. Banka publikoa aldarrikatzen duzue. Zergatik?
Ikusten dugulako enpresaburu txiki hainbatek badituela eskaerak, baina ez duela horiei aurre egiteko finantza modurik. Diru publiko piloa erabili dugu bankuen zuloak estaltzeko eta bankuek ez dute erabili diru hori maileguak emateko. Onartezina da. Horregatik, uste dugu egokiena dela banku horiek behin betiko publiko bihurtzea. Estatu batek behar ditu tresnak ekonomia sustatzeko eta banku edo kutxak izan daitezke tresna horretarako, maileguen bitartez. Horretarako, banku publikoa behar dugu.
Kutxabank ez da banka publiko sendo bat?
Izenak dioen moduan, Kutxabank bankua da. BBVA edo Banco Santander modukoa.
Ez da zuen gustuko eredua?
Ez. Baina, horretaz gain, frogatu da eredu horrek ez diela batere mesederik egiten herritarrei. Dirua egitea helburu besterik ez du, eta, bestalde, diru pribatua ere sar daiteke bertara. Eta akziodun pribatuek nahi dute dirua irabazi; hortaz, gizarte ekintzetara bideratzen den dirua geroago eta txikiagoa izango da. Kutxek euren izaera galtzen doazenez, guk banka publikoa aldarrikatzen dugu.
Uste duzu euskal kutxekin edo Kutxabankekin ere Bankiarekin gertatu den moduko zerbait gerta daitekeela?
Ezetz espero dut. Baina larriena da ez dakigula zein den haien benetako egoera. Ezinbestekoa da benetako inspekzioa egitea.
Stop deshaucios plataformarekin bat egiten duzue. Sinadurak batzen diharduzue. Ze helbururekin?
Hipoteken legea aldatu nahi dugu. Norbaitek hipoteka ezin badu ordaindu eta etxea galtzera behartuta bada, bankuak erosten du etxea, balio duenaren erdi prezioan; aldi berean, etxearen jabeari eskatzen dio bankuarekin duen zor guztia ordaintzea. Eskatzen dugu etxea galtzera behartuta dagoenak zorra kitatu ahal izatea bankuari etxea itzulita. Eskaera justua iruditzen zaigu. Lege herri ekimen bat bultzatzen ari da Stop deshaucios, eta hori babesten ari gara.
Lau hankako mapa argitzen doa Euskal Herrian. Ze leku izan dezake Ezker Anitzak mapa horretan?
Batez ere lau hanka osatuko luketen alderdietakoak saiatzen dira ustezko mapa horren gainean berba egiten, baina errealitatea bestelakoa da. Eusko Legebiltzarrean inoiz ez dira bakarrik lau alderdi egon, Euskal Herria oso anitza delako. Eta pluraltasun hori beste toki batzuetan ez da gertatzen. Espainian ere IUk erakutsi du, bi alderdikoaz gain, beste aukera indartsu batendako tokia ere badela. Alderdi sozialistaren ezkerrerantz dagoen alderdia gara gu; antikapitalista; eraldatzailea. Baina, horretaz gain, autodeterminazio eskubidearen aldekoak gara; federalistak gara. Hortaz: ez konstituzionalista eta ezta independentista. Gurea bosgarren esparrua da, ezkerreko alderdi federalista eta antikapitalista.
Badirudi aurten izango direla hauteskundeak…
Bai, eta eskertzekoa litzateke aurten izatea, gainera. Udazkenean izango direla uste dut. Ezinbestekoa da lehenbailehen izatea, ze Euskadik behar baitu gobernu indartsua. 25 legebiltzarkideren babesarekin bakarrik ezin dugu eduki gobernu indartsurik. Bestalde, ikusten dugu lehendakaria eguna joan eta eguna etorri hauteskunde kanpainan. Askotan, gainera, Rubalcabarekin batera, Espainiari begira. Behar duguna da herritarren arazoak konpontzen diharduen lehendakaria, ez kanpainan diharduena.
Zela definituko zenuke legealdi hau?
Murrizketen legealdi moduan. Behin eta berriro entzuten ari gara Eusko Jaurlaritzak ez dituela Raxoiren murrizketak aplikatuko hemen, osasunari eta hezkuntzari dagokienez. Baina hori dekretu bat bakarrik da. Eta Lopezen Gobernuak hiru urte daroatza murrizketak egiten; bereziki murriztailea da, oso, azkeneko aurrekontua. Bestalde, zerga politiken gaineko eztabaidak antzuak dira, itxurakeria lehendakariaren eskutik.
Ze iruditzen zaizu Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aditzera eman duen azken mezua, hartu duen azken erabakia?
Ez dugu balorazio onik egiten. Egia esan, ez genuen espero oso gauza onik. Iruditzen zaigu presoek erabaki dutela gauzak orain dela bost urte zeuden toki berean kokatzea. Ez dute aitortzen egin eta eragindako mina; min hori gatazkaren ondorio dela baizik. Eta ezinbestekoa da nork bere arlo pertsonalean aitortzea min egin duela, besteak zeuri ezer egin barik.