Olatz Azkondo: "Umeak etxean dauzkan ohiturak eta erritmoa ekarriko ditu haur-etxera"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko ekainaren 12a

Agintzarik bultzatu eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Sailaren babesean sortu zen Haur-etxea proiektua 2011n. 0-3 urte bitarte haurren zaintzarako proiektu berritzailea da. Bizkaian jarri zuten martxan, eta, izan duen arrakasta ikusita, orain Gipuzkoara ere hedatu da. Hain zuzen, Osintxun zabalduko dute lehenengo habia irailean.

Haur-etxea proiektu berria eta berritzailea da. Zein da asmoa?
Batez ere familiaren lana eta bizitza kontziliatzea gura izan da, eta modu batean baita zaintzailearena ere. Batez ere, hor eragiten da. Bizkaian hasi dira lanean eta oso emaitza onak izan ditu. 5 habi zabaldu dituzte. Hasiera batean 4 edo 5 ordu sartzen zituzten umeek baina gurasoek gero eta ordu gehiago eskatzen dituzte. Proiektuaren izena Haur-etxea da baina habiak sortzen dira zaintzaileen etxeetan.

Haur-etxe bat zer da?
Orain arte ohitu izan gu lanera goazenean haurra haurtzaindegira eramatera. Haur-etxeetan, umeak zaintzailearen etxera eramango ditugu. Horrekin lortuko dute atentzio pertsonalizatuagoa. Helburua da umeen erritmoa eta ohiturak errespetatzea. Umeak etxean dituen erritmoak eta ohiturak habira eramango ditu eta han jarraituko ditu, hala, ez ditu beste ume batzuen erritmoak jarraituko beharko. Kontuan hartu behar da 0 eta 3 urte bitarteko haurrak direla eta garrantzitsua dela euren ohiturak errespetatzea.

Gurasoak lanera doazenean nora eramango dute haurra?
Nire etxera ekarriko dute. Horretarako etxea egokitu egin dut eta beharrezko prebentzio guztiak hartu ditut. Gainera, ipuinak, jostailuak, musika… egongo dira. Beharrezko dituzten guztia ere izango dute: kuma, aldatzekoak… Dena dago bereziki eurendako ipinita. Nire kasuan, nire etxeak hiru logela eta bi bainugela ditu: bada, proiekturako hartu dut bainugela bat, egongela, logela bat, eta sukaldea. Egongelan dantza, jolastu, margotu…egingo dugu. Esan behar da, baina, nire familiak ere bere tokia izango duela etxean; hau da, etxean bizitzen jarraituko dute eta horregatik elkarri osatu egingo dira. Etxea egokitu egin behar izan dut horretarako.

Etxe bakoitzean, zenbat haur egongo dira gehienez?
Etxe bakoitzean gehienez lau haur egongo dira –0 eta 3 urte bitartekoak. Muga hori jarri dugu bestela ezin delako atentzio pertsonalizatua eman, eta zaintzaileak ezingo duelako haurren erritmoa jarraitu. Garrantzitsuena da euren erritmoa jarraitzea.

Haurren jana, esaterako, gurasoek ekarri beharko dute etxetik?
Bai, haurraren dieta familiak ekarri behar du. Nik gurasoei tuperra itzuliko diet umeak jan duenaren arabera, hortaz eurek ikusiko dute zenbat jan duen: ondo jan badu ondo, eta gaizki jan badu gaizki.

Osintxun zabalduko den habiko zaintzailea izango zara. Prestaketarik jaso duzu?
Bai, Agintzarik eta Lanbidek eskainitako prestakuntza jaso dugu, 255 ordukoa. Landu ditugun gaiak dira: trebetasun sozialak, psikomotrizitatea, nola sortu lotura umearekin, autonomia… Gauza asko landu ditugu, baita  musika, ipuinak kontatzen...

Umea zenbat ordu egon daiteke habi batean?
Lau eta zortzi ordu artean egon daiteke haurra habian. Gainera, gurasoek euren beharretara egokitu dezakete ordutegia. Ez dago arazorik. Hasieran ekarri dezakete ordu kopuru bat baina gero aldatu egin dezakete. Hori da proiektuaren berezitasuna: egokitzen dela unean uneko beharretara.

Irailean zabalduko da Gipuzkoako lehenengo haur-etxea. Badauka hedatzeko asmorik?
Bai, asmoa da Donostian beste hiru habi zabaltzea eta Gasteizen ere prestakuntza jasotzen ari dira horretarako. Asmoa da ahalik eta gehien zabaltzea, baina poliki-poliki. Proiektu berritzailea da eta egokia izan daiteke familia askorendako.

Zu zeu, zer dela eta animatu zinen horrelako pausoa ematera?
Niri lagun batek komentatu zidan eta horren ondorioz hasi nintzen ikastaroa jasotzen. Gustatu egin zitzaidan eta aurrera jarraitzea erabaki dut.

Dagoeneko badaukazu umerik haur-etxerako?
Bai, ume bat daukat momentuz eta ume bakarra nahikoa da habia zabaltzeko. Oraindik proiektu berria da; kontuan hartu irailean zabalduko dela Gipuzkoako lehenengo haur-etxea. Gurasoak animatuko nituzke. Haurra nire etxean egongo da eta egunero irtengo da kalera: ni ogia erostera baldin banoa haurrak nirekin etorriko dira, eta alde horretatik esan behar da Osintxu oso leku egokia dela horretarako.

Koordinatzaile batek gainbegiratuko du proiektua?
Bai, astean zehar egin beharreko lan batzuk hartuko ditugu baina egin behar horiek umearen arabera moldatuko dira gero. Umeek ere izango dute zer esana. Gainera, beste habi batzuekin etengabeko harremana izango dugu eta modu horretan besteek nola funtzionatzen duten ikusiko dugu. Gainera, nik neuk ere trebakuntza jasotzen jarraituko dut. Koordinatzaileak umea pedagogikoki nola dagoen jarraituko du

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak