Dantza eta txistu, odol emaile diren eta izandakoei ohore

Goiatz Arana Begiristain 2012ko ekainaren 11

Arabako Odol Emaileen Eguna ospatu zuten domekan Leintz bailaran, lehen aldiz. Arabako eta Otxandio, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako odol emaileak batu dira ospakizunean. Primeran igaro dute eguna eta Arabako elkartetik zoriondu egin dute Aretxabaletakoa. Alkateak babes osoa azaldu die.

Hamarretakoa eta urteko batzarra egin ostean, mezatara jo dute. Dotore jantzita eta elkar agurtzen ikusi ditugu irteeran, odol emaileen zapi gorria lepoan. Plazarako bidea hartu dute handik eta herriko txistulariek harrera egin diete abesti potpourri batekin.

Euriak euri, aurrera egin dute musikari nahiz dantzariek, baina odol emaileek arkupetan banatuta ikusi eta entzun behar izan dituzte, plaza erditik bertatik eta denak batuta beharrean. Edozein modutan, eguerdira artekoa primeran joan dela kontatu digute, eta hobeto arratsaldekoa; 400 lagun inguru batu dira frontoian bazkaritarako, oroigarriak banatu dizkiete leialenei eta dantzan agurtu dute eguna.

Leintz bailarako udal ordezkarien babesa

Arabako Odol Emaileen Elkarteak ospakizuna Leintz bailaran egiten duen lehen aldia izan da aurtengoa, eta Aretxabaletako udal ordezkariek ez ezik, Arrasate eta Eskoriatzakoek ere ez dute hutsik egin nahi izan. "Gustura egin diogu lekua hitzorduari, elkartasuna erakusten duen talde bati pozik irekitzen zaizkiolako ateak beti; laguntzeko gertu gaude", kontatu digu Ana Bolinaga Aretxabaletako alkateak.

Esperientzia errepikatzeko gertu ote leudekeen galdetuta, Arrasatek eta Eskoriatzak gustura hartuko dutela lekukoa esan digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak