Maskara sistema da Apropoxek lantzen duen sistema, ezta?
Bai. Umeengatik eszedentzia hartu nuenean, antzerkiarekiko nuen grina asetzeko asmoz sortu genuen Apropox taldea. Aretxabaletako lokal batean sartu ginen eta entseguak egiten hasi ginen.
Maskara sistema probatu nahi nuen, benetan interesatzen zitzaidan, eta gure entseguak sistema honetara lotzen ziren. Horren inguruko ikastaro batzuk ere jaso ditut, teknika ezberdinak batzen ditu eta emaitza oso naturalak irteten dira. Hasieran arraroa da, baina, istorioak aurrera egin ahala ikusita bakarrik guztia ulertzen da, eta ez dago testuaren beharrik. Hitz bakar bat esan gabe ikusleengan sortzen ditugun sentsazio guztiak ikustea oso pozgarria da.
Ni beti izan naiz testu gutxiko antzerkilaria, nahiago dut mota honetakoak. Sistema honekin aurkitu dut nire neurriko hizkuntza.
Zenbat artistek sortzen dute Apropox antzerki taldea?
Antzerkia kaleratu genuenean ni bakarrik nengoen agertoki gainean, baina teknikari baten beharra zegoela ikusi nuen. Teknikari baten laguntza jaso nuen (Ander Monedero), eta hari esker soinuen efektua hobetu genuen, izan ere testurik ez izatean honek sekulako garrantzia dauka. Hura ere ikuskizun honetako diseinatzaile bat ere badela esan dezaket. Orain bigarren tekniko bat ere gurekin dabil (Juan Carlos Arraiza) eta hark antzezlanean ere parte hartzen du, sagu bat ateratzen dugu eta sagu hori manipulatzen ibiltzen da.
Ibilaldi luzea daramazu antzerkiaren munduan, ezta?
Bai; 18 urterekin sartu nintzen antzerki eskolan eta ordutik 20 urte pasatu dira. Gogorra da lan hau, benetan barruraino sartzen zarelako eta inplikazio asko behar delako.
Zer da antzerkia zuretzat?
Irudimenaren mundua!
Benetan irudimenaz jositako mundu bat dela, batez ere Bergaran traularatuko duzuen Eunon antzezlana. Jendeak zer esaten du hau ikustean?
Jende guztiak uste du maskara baten atzean kokatzeak gauzak errazten dituela, baina, azkenean, aktorea urduri jartzen bada, erritmoa apurtu egiten da eta asko nabarmentzen da hori, akats txiki guztiak asko ikusten dira. Erritmoa, batez ere maskarako sistema honetan, funtsezko ezaugarri bat da. Erritmoaren menpe gaude eta horrekin behar bezala jolasten jakin behar dugu.