Goienako bazkideak batu ziren atzo, urteko ohiko batzar orokorrera. Goiena taldeko negozio ezberdinen gaineko azalpenak jaso zituzten: Goienako hedabideez gain, baita Arteman eta Batura Mobileri buruzkoak ere.
Urte zailak, baina berri onak
Estepan Plazaola presidenteak, krisiaren eraginez, urte zailak izango direla nabarmendu zuen, diru-sarrerak murrizten jarraitzen doazelako, bai publizitate sarrerei dagokienean eta baita erakundeen diru-laguntzei dagokienean ere.
Baina, bestalde, berri pozgarriak ere nabarmendu zituen. Gioienako hedabideen osasun onaren berri eman zuen. Eta, horretarako, Aztiker soziologia enpresak Goienaren hedabideen gainean eta, oro har, debagoiendarren hedabideen kontsumo ohiturei buruz egindako azterketaren berri eman zuen.
Goiena beharrezkoa edo oso beharrezkoa
Eta azpimarratu zuen debagoiendarren %97en esanetan, Goiena beharrezkoa edo oso beharrezkoa dela. Eta, horretaz gain, %72arendako, pluralak direla Goienako hedabideak.
Inazio Arregi zuzendari nagusiak egin zuen urteko jardunaren eta asmoen errepasoa.
Iazkoa urte zaila izan arren, ondo amaitu zutela adierazi zuen.
Bestalde, aurrera begira, Goienak hausnarketa estrategikoa egingo duela ere aurreratu zuen. Sasoi aldakor eta ziurgabetasun handiko hauetan, erabaki egokiak hartzeko beharraz jardun zuen.
Osteratzean, Goienako buruen esanetan, iaz kontuak orekatuta amaitu zuen Goiena komunikazio taldeak.
Milioi euro pasako aurrekontua
Aurtengorako, bestalde, milioi bat euro pasako aurrekontua onartu zuten atzo Goienako bazkideek (1.045.485 euro).
Asmoen inguruan, bestalde, hauek nabarmendu zituen Inazio Arregik:
Euskarazko hedabideekin elkarlana
Euskarazko hedabideen sektorea berrantolatzeko, Berria, Argia, Hitza eta Topaguneko hedabideekin elkarlanean jardutea; Topagunearen berregituraketa eta Tokikom tokian tokiko euskarazko hedabideen elkartearen sorrera; eraikin berria. Eta, honi dagokionean, oraingoz, egoera berrira egokitutako azterketa ekonomiko berria eta bideragarritasun ekonomikoa egitearen premia azpimarratu zuen.
Gogoeta estrategikoa
Bestalde, Goienaren etorkizunaren gaineko gogoeta estrategikoaz ere aritu zen eta eskuko telefonoek edo adimendunek eskaintzen dituzten aukerez baliatu eta bide horretatik sakondu beharraz jardun zuen.
Urte zailak izango dira datozenak Goienarendako ez ezik euskarazko hedabideendako eta, hori horrela, etorkizuna irabazi eta asmatu beharraz jardun zuten Goienako buruek.
Agur mezuak
Inazio Arregi zuzendari nagusiak azken berba batzuk eskaini zituen batzarraren hondarrean. Agur modura ez, baina halako zerbaiten itxura hartu genion. Izan ere, gaur egun Goienan eta sortu berri den Tokikom elkartean banatzen du lan jarduna, erdi eta erdi.
Arregik eskerrak eman zizkien batutakoei eta Goienan 11 urteotan ondoan izan dituen lankideei. Eta, bestalde, euskarazko hedabideen premia aldarrikatzeaz gain, hauen egoeraz ohartarazi zuen.
Euskarazko hedabideen premia
Adierazi zuen, euskaldunondako eta euskal erakunde zein agintariendako, horren garrantzizkoak badira euskal hedabideak, erakutsi beharko luketela babesaren edo diru-laguntzen bidez. Izan ere, adibide bat jarri baitzuen: "Euskarazko hedabide guztiei euskal erakunde guztiek urtean banatzen dizkieten laguntzak ez dira 7 milioi eurora ailegatzen; eta, esaterako, Bergarako Udalak, urtean, pertsonal arloari eskaintzen dizkio 8 milioi euro". Eta gehitu zuen: "pentsa, euskal erakunde guztiak kontuan hartzen baditugu, pertsonalari edo beste alor batzuei eskaintzen diotena zenbat milioikoa den…".
Erakunde publikoek euskarazko hedabideetan publizitatean inbertitzen dutena ere hutsaren hurrengoa dela salatu zuen. Eta, baita erakunde publikoen aurrekontuetan, euskarak daukan "pisu erlatiboa urtetik urtera gutxitzen" doala.
Hurbileko elebidunen alde
Zentzu honetan, alderdi politiko abertzaleak euskarazko hedabideei begira eta hauek indartzeari begira baino gehiago, haien "ildo ideologikokoak edo hurbilekoak" diren hedabide gaztelaniazko edo elebidunen alde daudela esan zuen.
Bukatzeko, eta egoera zail honen aurrean, horren guztiaren gainean gogoeta egitera gonbidatu zituen batutakoak.
Arregiren ostean, Estepan Plazaola Goienako presidenteak hartu zuen hitza. Eta eskertu egin zuen Inazio Arregik azkeneko 11 urteotan Goienan egin duen lana.