EAEko udaletako emakume hautetsientzako lehen eskola sortu dute

Goiatz Arana Begiristain 2012ko ekainaren 7a

Eudelek sortu du eta Virginia Woolf Basqueskola izena izango du. Alderdi politiko denetako emakumeei zuzenduta egongo da eta euren arteko harreman sareak sortuko ditu. Irailetik aurrera ikastaroak emango dira hiru lurraldeetako hainbat udalerritan: mintegiak, 'coaghing' tailerrak eta asteburu bateko iraupena izango duen barnetegi bat izango dira.

Gaur, eguena, egin dute aurkezpena, Euskal Autonomia Erkidegoko 100 bat alkate eta zinegotzi emakumezkorekin Bilbon egin den nazioarteko jardunaldian.

EAEko udaletan erantzukizun politikoko eginkizunak betetzen dituzten emakumeek parte hartu ahal izango dute eskolan, hala gobernukoek, nola oposiziokoek. Emakundek eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak esku hartzen dute proiektuan, instituzio lankide gisa. 

Hainbat datu

Gaur egun, udaletan erantzukizun politikoko kargua duten emakumeen kopurua gizonena baino askoz baxuagoa da: alkate kargua dutenen %22 dira emakumezkoak eta zinegotzien %40,6; hiru lurraldetan, orotara, hautetsien %30 dira andrazkoak. 

Harreman sareak

Bertako emakumeen arteko harreman sareak sortzeaz bat, nazioarteko sareekikoa ere bultzatuko da: eskolak nazioarteko ikuspegia izango du eta elkarlanean arituko da beste herrialde batzuetako antzeko eskolekin.

Ikastaroaren programa

Programaren lehenbiziko edizioa irailetik abendura bitartean izango da, eta era deszentralizatuan egingo da, hiru lurraldeetako hainbat udalerritan. Mintegiak, tailerrak, coaching saioak eta asteburu bateko iraupena izango duen barnetegi trinko bat eskainiko dira; berdintasun-arloko politiken esparruan adituak diren irakasleek eta aholkularitza-enpresek emango dituzte eskola guztiak.

Mintegi, tailer eta coaching saioen bidez, behar diren prestakuntza eta tresnak eskainiko zaizkie udal-arduradun horiei, dituzten gaitasun politikoak gara ditzaten, eta berdintasunari buruzko zeharkako ikuspegia bultza dezaten udaletako agenda politikoetan.

Proiektu berri honen bidez, Eudelek EAEko alkate eta zinegotzi andreen jabekuntza lortu nahi du, hartara, lider gisa aritu daitezen, berdintasunari buruzko politikak sendotzeko lanetan. 

Eskolaren izenaren jatorria

Virginia Woolf Basqueskola izena Ingalaterrako idazle ospetsuaren izenetik eta idazle horren A Room of One’s Own (1929) lanetik jaso da. Era horretan, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko emakume hautetsiek gune bat izango dute talde profesional modura hausnartzeko eta nork bere udalean egunero politikan aritzean generoa dela-eta dituen baldintzak eta mugak aztertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak