Haur-etxea jarriko dute Bergarako Osintxu auzoan irailean

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko ekainaren 8a

Agintzarik sustatu eta Eusko Jaurlaritak bultzatutako zerbitzu horri buruzko argibideak emango dituzte Bergaran eta Aretxabaletan hitzaldi banatan datorren astean.

Agintzarik haur-etxea jarriko du Bergaran. Irailean hasiko da funtzionatzen eta Osintxu auzoan egongo da, Olatz Azkondoren etxean.

Haur-etxea 0 eta 3 urte arteko haurren zainketa arduratsua eskaintzen duen alternatiba berri bat da, eta, gehienez, lau haurtxorekin osatutako taldeetan egiten da, familia habia baten barruan. Familia habian konfiantzazko zainketa eskaintzea da asmoa, haurtxoarendako babes, maitasun eta segurtasunezkoa izango den familia-giroan. Jaurlaritzaren proiektu pedagogiko hori banakako arretan oinarrituta dago, eta haurtxo bakoitzak dituen premia eta garapen-erritmoetara egokituta.

Zaintzailearen etxean

Zerbitzua zaintzailearen etxean eskaintzen da. Era horretan zaintzailearen etxea familia habia bihurtzen da, haurtxoak zaindu eta hartzeko bereziki egokitutako eta hornitutako etxe bat. Hain justu, familia habia umearen etxearen hedapena izatea da helburua.

Zaintzaileei dagokienez, prestakuntza berezia eta akreditatua izan dute eta gainbegiratze pedagogikoa egiten zaie lanean. Hain justu, Jaurlaritzako Gizarte Ekimenak bultzatutako Agintzari proiektu kooperatiboaren barruan daude.

Informazio hitzaldiak

Zerbitzuaren gaineko xehetasunak emateko bi hitzaldi egongo dira datorren astean: hilaren 12an, Aretxabaletako Arkupen egingo dute, 18:00etan,  Kuku Miku elkarteak antolatuta; Bergaran 14an izango da, 18:30ean, Miguel Altunan, Bizikasiren laguntzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak