Goizuetan egingo dute zapatuan aurtengo UEMA Eguna

Usoa Agirre 2012ko eka. 6a, 20:12

Aurtengo UEMA Eguna Goizuetan izango da, zapatuan (ekainak 9), eta egitarau zabala antolatu dute: herri bazkaria, dantzaldia, haurrentzako jokoak… Leloa hauxe da: 'Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari'. Gaur egin dute ekitaldien aurkezpena eta bertan parte hartu duten guztiek nabarmendu dute UEMAk euskararen normalizazioan egindako aitzindaritza lana, eta Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu dute. Ibarrean, Antzuola, Aramaio, Bergara, Elgeta eta Oñati dira UEMAko partaide.

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak nabarmendu du Goizuetako UEMA Egunaren aurkezpenean ezin dela aipatu gabe utzi Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika: "Argi eta ozen aldarrikatu nahi dugu, enegarren aldiz, zonaldekako banaketak desagertu egin behar duela, hizkuntza eskubide berberak eduki behar dituztela goizuetarrek, tafallarrek, erronkariarrek, lekunberriarrek, iruindarrek, lodosarrek, lizarratarrek eta tuterarrek, eta horiek guztiek aramaioarrek, gatikarrek edo zumaiarrek dituzten hizkuntza eskubide berberak eduki behar dituztela".

Halaber, UEMAk jokatu beharreko rolaz ere aritu da Belastegi: "Hizkuntza eskubideen aldarrikapen eta lorpenean aitzindari izan behar dugu, UEMAri dagokio helburu horietarako aitzindaritza lana egitea, aurrerapausoak ematea".

Alaitz Escudero Goizuetako zinegotzi eta Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko lehendakariak euskararen arloan Nafarroan egin dituzten murrizketak kritikatu ditu, eta nabarmendu du indar handiagoa egin beharko litzatekeela hizkuntza politika aurrerakoia egiteko.

Goizuetara joateko deia

UEMA Egunaren irakurketa politikoaz gaindi, aurkezpenean parte hartu duten guztiek dei egin diete euskaltzaleei larunbatean Goizuetara joan daitezen, eta egitarauaren berri eman dute. Leloaren gaineko azalpenak ere eman dituzte, eta adierazi dute euskaraz bizitzeko eta aritzeko udalerri euskaldunak direla tokirik egokienak, eta, hain zuzen ere, horregatik dutela aukera beste toki batzuetan baino aurreratuago egoteko eta euskararen normalizazioan neurri aurrerakoiak hartzeko.

Oñati, kide berria

Bestalde, zapatua  egun pozgarria izango da UEMArentzat eta mankomunitatea osatzen duten herrientzat, bost herri gehiagok egingo baitute bat UEMArekin: Igantzik, Getariak, Mañariak, Oñatik eta Ondarruk.

UEMA, Berrialaguna

Halaber, Goizuetako UEMA Egunaren baitan, UEMAk berretsi egingo du euskalgintzako bi erakunde erreferenteekiko elkarlana. Batetik, UEMAk berrialagun izango dela iragarriko du, eta, horren bidez, laguntza emango dio Berria-ren zabalkunde prozesuari. Bestetik, Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin hitzarmen berria sinatuko du, herri euskaldunetan hizkuntza eskubideen aldeko dinamikak indartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak