Hutsik dauden etxeengatik kanona ordaindu beharko da

Goiatz Arana Begiristain 2012ko ekainaren 6a

Hala izango da baldin eta Eusko Jaurlaritzak atzo –martitzena– onartutako Lurzoruaren lege proiektuak aurrera egiten badu Legebiltzarrean eta, kasu kasu horretan baita ere, babestutako etxea galtzeko arriskua izango dute beste bat erosten dutenek. Aldiz, diru sarrera txikiak izan eta bizileku duinik ez duten herritarrek alokairuko etxebizitza bat eduki ahal izango dute.

Etxebizitza duina izateko eskubidea babesten du Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen lege proiektuak; auzietara jo eta etxebizitza eskatzeko, nahikoa izango da etxerik ez edukitzea, etxea alokatzeko Etxebideko zerrendetan izena emanda egotea, eta 9.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak izatea (15.000 baino gutxiago hiru laguneko familien kasuan).

Aldaketak babes ofizialeko etxeetan

Jaurlaritzak onartutako lege proiektuak aldaketak dakartza babes ofizialeko etxeetan ere. Esaterako, jabeen ahalmen ekonomikoa "neurrigabe" igoko balitz, hau da, babestutako etxebizitza bat eskuratzeko baimenduta dagoen gehiengo kopurua bikoiztuko balu hiru urtez jarraian, itzuli egin beharko lukete babes ofizialeko etxea,  baita Espainian beste etxe bat erosiz gero ere merkatu librean. 

Kanona

Eta merkatua mugitzeko helburuarekin, arau berriak aurreikusten dira hutsik dauden etxeetarako ere. Besteak beste, 10 euroko kanon bat ezartzea metro koadroko urtean, edota etxebizitzak alokatzera behartzea. Hala egitea aurreikusten da bi urtez eta justifikaziorik gabe hutsik egondako etxebizitzen kasuan, eta modu horretan batutako dirua etxebizitza politiketara bideratuko litzatekeela aurreratu du Jaurlaritzak.

Orain dela bi urte 80 gizarte eta ekonomia eragilek sinatutako gizarte hitzarmena hartu du oinarritzat lege proiektuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak