Ertzaintzatik adierazitakoaren arabera, azken urtean droga kontsumoak gora egin du. Izan ere, aurten 238 euskal gidarik emaitza positiboak eman dituzte droga kontroletan, eta datu horri iazko emaitza positiboa eman zuten 571 gidariren kopurua gehitu behar zaio.
Ertzaintzako Trafiko Alorreko adituen ustez datu kezkagarri horiei beste faktore batzuk gehitu behar zaizkie, besteak beste, asteburuetan drogak kontsumitzea nabarmen areagotu izana, eta substantzia ugari aldi berean kontsumitzearen fenomenoa. Horregatik, egun hauetan errepideetan drogen kontrol zehatzak ugaritzearen helburua gidari arriskutsuak detektatzea da. Baita ere, gazteak fenomeno horren arriskuaz kontzientziatzea.
Arrastoak txistuan
Errepideetan egindako droga kontroletan, Ertzaintzak txistu laginak erabiltzen ditu legez kanpoko substantziak antzemateko. Laginak hodi xurgatzaile baten bidez jasotzen dira, eta ondoren momentuan analizatzen dira. Alkoholemiarekin ez bezala, drogen kasuan ez dago tasarik. Gailuek detektatzen dituzten bost substantzietako edozeinetan (kokaina, opiazeoa, THC edo kannabisa, anfetaminak eta metanfetaminak) emaitza positiboa emate hutsak 500 euroko administrazio isuna eta gidabaimenean sei puntu kentzea dakar. Gogoan izan behar da ere, droga toxiko, estupefaziente eta substantzia psikotropikoen kasuan, hauek kontsumitu ondoren sei eta hamabi ordu geroago ere detekta daitezkeela.
Hala ere, faktore ezberdinek eragin dezakete organismo bakoitzak droga ezabatzeko behar duen denboran, eta hortaz, baita kontroletan detekta daitezkeen denbora tartean ere; faktore horien artean daude, besteak beste, drogak konbinatzea, pertsona bakoitzaren metabolismoa, sexua edota adina.