Komertzio elektronikoaren gaineko jardunaldia antolatu dute

Leire Kortabarria 2012ko ekainaren 5a

Bailarako merkatari txikiek merkataritza elektronikoaren edo e-commerce delakoa bultzatzeko laguntzen berri jasotzeko aukera dute. Horretarako jardunaldia izango da hilaren 14an Mankomunitatean.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak eta SPRIk txikizkako merkataritzari zuzendutako programa bat argitaratu dute, haien jardueran komertzio elektronikoaren estrategiak erabiltzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak diseinatutako eta SPRIk kudeatutako Saltoki txikizkariak merkataritza elektronikorantz (e-commerce) bultzatzeko laguntzak ekimenari buruz jardunaldi informatiboa antolatu da merkatari eta beste interesatu batzuentzat. Hilaren 14an, eguena, izango da, Debagoieneko Mankomunitatearen egoitzan, 15:00etatik 16:00etara. Izenematea ekainaren 8a baino lehen egin behar da, 943 79 30 90 telefonoan.

Salmentak, %11,3 txikitu

Krisiak gogor zigortu du merkataritza. Hala, Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) jakinarazi du txikizkako merkataritzak %11,3 gutxiago saldu zuela apirilean 2011ko apirilean baino, okerrera egiten duen 22. hilabetea segidan; gainera, merkataritzako enplegua %1,2 txikitu zen. Interneteko tresnak egoera horri aurre egiteko ezinbestekoak bihurtu dira merkatari askorendako. Hego Euskal Herrian eta Espainian, kontsumitzaileen %40 inguruk Interneten begiratzen dute produktu edo zerbitzu bat erosi aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak