Elena Irureta: "Duela ia hogei urte bezain txoro eta alfer aurkitu dut Idoia"

Txomin Madina Milikua 2012ko eka. 7a, 02:00

Euskal Telebistako telesail arrakastatsu gehienetan ikusi dugu, baita Estatuko hainbatetan ere. Zumaiarrak, baina, ibilbide luzea du pantaila txikitik haratago.

1. Ia hogei urte pasatu eta gero berriro topo egitean, nola aurkitu duzu Idoia?

Idoia beti bezain txoro eta alfer aurkitu dut. Zaharragoa izateak ez du esan nahi argiagoa izango denik.

2. Zergatik itzuli da Bi eta bat?

Egia esan, nire iloba Telmori bururatu zitzaiolako eta beste guztiok kasu egin geniolako.

3. Zenbat aldiz galdetu dizute Jose Ramon Soroiz eta biok senar-emazteak zareten?

Nahiz eta etengabe gure pertsonalitate eta seme-alabak aldatu,  jendeak senar-emaztetzat hartu gaitu eta ez du inork inoiz ezer galdetu. Gu beti ondo konpondu izan gara eta elkarrekin jarraitzen dugu, ikusten duzuen moduan. Hau da hau marka!

4. Proiektu bati baiezkoa edo ezezkoa emateko orduan, zerk du pisu handien?

Nik uste dut eroso samar sentitu behar zarela egiten ari zarenarekin; izan ere, horrela ez bada, hobe ez hastea!

5. Denborarekin, selektiboagoa bihurtzen da bat?

Denborarekin... lanean jarraitu beharra dago; beraz, dagoenari heldu behar zaio eta ahal dena atera. Ez dago besterik. Akaso, lan asko eskaintzen badizute selektiboa izateko aukera izango duzu, baina ez da nire kasua.

6. Espainiako telesailetan maiz ikusi zaitugu. Han eta hemen lan egitearen alderik handiena?

Alde handiena da hemen lanera joateko ordu erdi behar dudala, eta Madrilera berriz, bost! A, eta hemen ez duzula jendea egunero musukatu behar! Alde ederra!

7. Bollain, Medem... Zerrendari zein gehitzea gustatuko litzaizuke?

Zuzendariak ez du ezaguna izan behar ni gustura aritzeko. Gustatuko litzaidakeena da jende jatorrarekin eta giro majoan lanean jarraitzea. Eta, egia esan, orain arte ez dut kexarik izan.

8. Aurrez Madrilen edo Londresen bizi izan ez bazina, aktore izango zinateke?

Egunero eta konturatu gabe erabaki pila bat hartzen dituzu eta erabaki horiek hara eta hona eramaten zaituzte. Hau edo bestea egin izan ez banu... auskalo!

9. 80ko hamarkadan hasi zinetenok zein punturaino sentitzen zarete euskal aktoreen aitzindari?

Ez naiz inoiz inoren aitzindari sentitu. Gure aurretik beste asko pasatu dira. Zumaian, esaterako, gure aitaren garaian baziren bi antzerki talde, eta orain, berriz...

10. Asko dira betetzeko dituzun ametsak?

Nire ametsek ez dute zerikusi handirik aktore lanarekin; baina bai, gauza asko ditut oraindik egin ez ditudanak eta egitea gustatuko litzaizkidakeenak.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Makilatxo magikoa, e? Kontuz gero, ze egun osoa makila eskuan izango bainuke, eta... orduan kontuak!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak