Bizi dugun egoera honen aurrean zuen iritzia entzutea gura duzue.
Hau da hedabideetara bidaltzen dugun lehenengo idatzia. Guk defendatzen duguna da zahartze aktiboa, baina, era berean, gure interesak defendatu gura ditugu. Ez dugu polemikarik sortu gura, gure iritzia eman eta, behar izanez gero, kalera irtengo gara, baina, oraingoz, hori ez da gure nahia. 36.000 pentsionista gara, eta Gipuzkoa osoan 69 elkarte daude. Gure iritzia eman gura dugu, baina kontuan hartu behar da norbanako bakoitzak bere iritzia duela, botoa duen moduan. Baina argi utzi behar da elkartearen asmoa ez dela botoa bideratzea.
Nola sentitzen zarete erretiratuak?
Gizarte honetan, erretiratua beti baztertuta egon izan da, nahiz eta hori aldatzen doan azkenaldian. Familian laguntza handia gara, gero eta gehiago, gainera, baina, gainerakoan, baztertuta gaude. Nik ez dut inoiz entzun sindikatuen aldetik erretiratuei bideratutako politikarik. Politikariek erretiratuen botoak gura dituzte, eta horretarako promes asko egiten dituzte. Gaur egun gehiengoan dago Espainiako Gobernua, baina hauteskundeen aurretik esan zutenak ez du zerikusirik egiten ari direnarekin.
Osasun arloan hartu diren erabakien kontra zaudetela diozue.
Bai, kopagoaren aurka gaude, baina ez erretiratu moduan bakarrik, ordainketa partekatua denondako da txarra. Gehiago ordaindu beharko dute osasun arazo gehien dutenek. Ordainketa partekatuaren eta pentsioak izoztearen aurka gaude, baina, batez ere, gutxien duenari eraso egitearen kontra gaude. Kasu honetan, pertsona nagusiak gainerakoak baino ahulagoak direla esan daiteke. Guk gura dugun bakarra justizia da, eta, alde horretatik, eskandalizatu egiten gaitu Gobernuak urruneko erakundeek zuzentzun dituztela ikusteak: kapitalak, alegia.
Gobernuak kapitalaren menpe daudela diozue?
Bankiarekin gertatzen ari dena oso larria da. Guk uste dugu Gobernuak dirua bideratu beharko lukeela maileguak dituztenei: modu horretan, herritar horiek maileguak ordainduko lituzkete, eta, bide batez, dirua bankuetara iritsiko litzateke. Azken finean, Merkelek zuzentzen gaitu gu eta Merkel, ostera... kapitalak zuzentzen du.
Osasun arloari dagokionez, medikamentuen sistema aldatzea beharrezkoa dela uste duzue?
Bai, noski. Pastilla larregi erosten ditugu. Zergatik erosi behar ditugu 50 pastilla zortzi bakarrik erabili behar baditugu? Etxe guztietan dago kaxoi bat medikamentuz beteta. Medikamentuak dosi egokian kontsumituta kopagoarekin baino gehiago aurreztuko dugu. Justiziarik eza da hori. Gehiago ordaindu behar dute gutxien dutenak.
Erretiratuen pentsioak nola finkatzen ditu Gobernuak?
Parlamentuak finkatzen ditu pentsioak, eta pentsio horiek KPIren arabera ezartzen dituzte (IPC). Pentsioa jasotzen duten herritar asko oso gutxirekin bizi dira, eta, gainera, medikamentuak ordaindu behar badituzte... ba, esango didazu nola bizi izango diren!
Alde handia dago Debagoieneko pentsionisten eta Gipuzkoako edo Espainiako pentsionisten artean?
Gure bailarak berezitasun bat dauka, kooperatibista asko daudelako. Alde horretatik, erretiratuek abantaila handia dugu: Lagun Aro eta autonomoak ditugu. Gainerakoan, Gipuzkoan eta Espainian pentsioak berdinak direla uste dut.
Pentsioak izoztearen aurkako sinadurak batuko dituzue?
Bai, 2010ean pentsioak izozteko onartutako dekretuaren aurka batuko ditugu sinadurak. Estatu mailan nagusien kontseilua dago, eta hor gure federazioa sartuta dago (Euskadikoa). Azaroan erabaki zen pentsioak izoztearen aurka egitea eta lege hori aldatzeko eskatzea. Sinadurak batzen laster hasiko gara hemen, baina, egia esan, uste dut gaur egun arazo larriagoak daudela.