Iaz hil zen Patxi Godoy Antzuolako Futbol Taldeko zale amorratua eta elkarteak horrela omendu nahi izan du. Hala adierazi digu Tomas Agirre presidenteak: "Urte askoan ibili zen gurekin lanean eta hauxe iruditu zaigu bera omentzeko modu egokiena: txapelketa bat antolatzea. Merezi zuen". Amaieran, senitartekoei plaka bat eman diete elkartekoek.
Harrobia lantzen
Txapelketan alebin mailako mutikoek hartu dute parte eta Bergara, Aloña Mendi, Ermua eta Antzuolako taldeak aritu dira nor baino nor gehiago.
Oñatiarrak eta Ermukoak iritsi dira finalera eta txantxikuarrak nagusitu dira 10-8 irabazita. Hirugarren postuan gelditu da Bergara eta laugarrenean Antzuola. Garrantzitsuena, baina, ez zen irabaztea, parte-hartzea baizik. "Hemen ez dago irabazle edo galtzailerik, mutikoek ondo pasatzea da helburua. Baita harrobia lantzea eta beste talde batzuekin harremanak sortzea ere" azaldu digu Agirrek. Hala, jokalari guztiek jaso dute domina bana txapelketako oroigarri bezala.