Zabalik da Zumarraga eta Urretxu lotuko dituen autobide zatia

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 1a

Zabalik da Zumarraga eta Urretxu lotuko dituen autobide zatia. Gaur inauguratu dute eta oinezkoendako zabaldu dute; bihar, zapatua, goizeko 8:00etan irekiko dute trafikorako bi kilometro pasatxoko tartea, Beasain-Durango ardatzeko zatia.

Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Larraitz Ugarte Bide-azpiegituretarako diputatuak inauguratu dute autobide zatia. Gaur egun, egunero, bertatik igarotzen diren 10.000 ibilgailu hartuko ditu Zumarraga-Urretxu/Legazpi saihesbide berri honek.

36 milioi euro

36 milioi euro inbertitu dituzte herrilan honetan. 2,1 kilometro dira orotara. Horietatik, 910 metro, lur azpitik doaz, Argisaoko tuneletik. Beste 210 metro, Urolako zubi-bidetik, 15 metro altuerakoa berau.

Gaur, egun osoan, eguerditik iluntzera arte, herritarrek erabili ahal izango dute, oinez zein bizikletan, eta gertu-gertutik ezagutzeko aukera izango dute errepidea eta tunela. Bihar ibilgailuendako irekiko dute.

Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak, obra honen garrantzia nabarmendu du.

Autobide zati hau amaituta eta zabalik, Urretxutik Bergararainokoa geratuko da egiteko. 2015erako amaituta egotea aurreikusi du Foru Aldundiak.

Urretxu-Antzuola

Urretxu eta Antzuola lotuko dituen zatia eraikitzen dihardute une honetan. 2,7 kilometro tartea da. Deskargako tunela da zati horren obrarik aipagarriena eta zailena, 680 metrokoa. Zati horren aurrekontua da 50 milioi eurokoa. Hau ere Bidegi ari da egiten.

2013ko urtarrilean, bestalde, Antzuolatik Bergara arteko zatia egiten hasiko dira eta 2015erako amaitzea espero dute. 70 milioi euroko aurrekontua du eta Aldundiak ekingo die hori egiteko lanei.

Bergarako Ekialdeko saihesbidearekin egingo du bat eta honek AP1 autobidearekin, Epeleraino; handik Bizkaiko mugarantz, Kanpanzarretik igarota, Durangoraino.

Bergarako Ekialdeko saihesbidea gaur egun errail bakarrekoa da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dauka, oraingoz, hura bikoiztu eta bi errailekoa egiteko asmorik.

Urretxutik Bergararainokoa amaitutakoan, Deskargan bidesaria ipiniko duten ala ez, ez du zehaztu Larraitz Ugartek.

Finantzazioa zehaztu

Zentzu horrena, eta Gipuzkoako errepide sarearen finantzazioari buruzko eztabaida Batzar nagusietan gori-gori dagoen, Eusko Alderdi Jeltzaleko batzarkide taldeak, Gipuzkoako errepideen finantzaketarako eredua behin-betiko zehazteko eskatu dio Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru diputatuari, eta neurri zehatzik eza egotzi dio Aintzane Oiarbide batzarkide jeltzaleak.

Era berean, Oiarbidek Ugarteri eskatu dio, hitzez hitz, argi hitz egiteko behingoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak