Eguerdian inauguratuko dute GI-632 berriko Urretxu-Zumarraga tartea

Goiatz Arana Begiristain 2012ko ekainaren 1a

12:00etan izango da inaugurazio-ekitaldia eta bertan izango dira Martin Garitano ahaldun nagusia eta Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatua, besteak beste. 13:00etatik 20:00etara, herritarrak bisitan joan ahalko dira, oinez nahiz bizikletaz, eta bihar, zapatua, irekiko dute autoentzat.

2015eko apirilerako aurreikusten du Diputazioak GI-632 ardatza amaitzea eta, Ugarteren esanetan, Zumarraga-Urretxu tartea irekitzeak suposatzen du, pixkanaka, bukatzen doazela. Egindakoa "garrantzitsua" da, bi arrazoiengatik: "Beasain-Bergara ardatza osatzeko urrats garrantzitsua eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegirekin batera. Izan ere, ekainaren 2tik aurrera, ibilgailuak Zumarraga eta Urretxu arteko zati berritik igaro ahalko dira, Zumarraga erdigunetik beharrean. Bestetik, Goierri, Debagoiena eta Debabarrena eskualdeak lotzeko eta Euskal Herriaren bertebraziorako pauso garrantzitsua izango da".

Beasain-Durango "estrategikoa" delako Aldundiarentzat, "proiektua aurrera ateratzeko apustua" egin du. "Nahiz eta kostu handiko azpiegitura izan, gipuzkoarrek eskertuko dute", azaldu du Larraitz Ugartek. AP-8, AP-1, N-1 eta Beasain-Durangok osatutako "Gipuzkoako biribilgunea" bukatzeko urrats bat gehiago da; gaitasun handiko lau bide horiek lurraldean barrena errazago mugitzea ahalbidetuko dute.

Berezitasunak

Zati berria 2,1 kilometro luze da eta ezaugarri nagusien artean ditu Argisaoko tunela (910 metro luze) eta Urolako zubibidea (266 metro luze eta 15 metroko altuera).

Bidegik zuzendutako eraikuntza lanak Amenabar-Bruesa aldi baterako enpresa elkarteak egin ditu, eta instalazio lanak Angel Iglesias S.A. eta Korostel S.L.k egin dituzte. Obra zibila 36 milioi euro kosta da.

Bertatik bertara ezagutzera joateko deia

Gaur, egubakoitza, arratsaldean bertara hurbiltzeko deia egin diete Aldunditik herritarrei, Argisaoko tunelaren ezaugarriak nahiz proiektuaren berezitasunak bertatik bertara ezagutzeko.

Urretxu-Antzuola

Bidegi hasita dago hurrengo zatia egiten, 2,7 kilometro luze izango den Antzuolarainoko zatia egiten, alegia; "tunelaren zatia" ere deitzen zaio, Deskargako tunela egitea izango delako tarte honetako zailtasun handiena. Lanak 50 milioi euro kostako dira eta zati on bat tunela (680 metro) zulatzera bideratuko da.

Antzuola-Bergara

Gipuzkoako azken tarteak, Antzuola-Bergara, 70 milioi euroko aurrekontua du eta Aldundiak ekingo die hori egiteko lanei, 2013ko urtarrilean. Errepide berria 2015eko apirilean helduko da Bergarara. Bertan beste egokitzapenik egitea ez da aurreikusten, hau da, ordainlekura arteko zatiak errei bakarrekoa izaten jarraituko du, "bikoa izateko adina zirkulazio ez dagoelako eta tarte horren bikoizketa saihestuta dezente aurrezten delako", Bide Azpiegituretarako diputatuaren esanetan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak