Mikel Irizar: "Euskarak ematen digu indarra elkarlanean jarri eta aurrera egiteko"

Ubane Madera 2012ko maiatzaren 30a

Tokikom, euskarazko hedabide lokalen elkartea publikoki eratu dute. Atzo, martitzena, eskriturak sinatu zituzten 18 hedabidetako presidente eta idazkariek Eibarren notario aurrean; hala, gauzatu egin da martxoan Eskoriatzako HUHEZIren fakultatean egindako batzar eratzailean bideratutakoa. Edozelan ere, dagoeneko lanean hasita daudela azaldu du Mikel Irizarrek, Tokikom elkarteko presidenteak.

Hark azpimarratu du, besteak beste, tokiko euskarazko hedabideen arteko elkarlana baliatuta, "antizipazio ariketa egin gura dutela, ikusteko nondik nora doazen gauzak eta hartara euskal hedabideek koska bat irabaz dezatela beste hedabideekiko normalizazio bidean, azkenean hori da gure helburua". 

Etorkizuna aztergai, Garaian 

Ildo horretatik, ekainaren 15ean Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean egin behar diren jardunaldien garrantzia azpimarratu du Tokikom elkarteko presidenteak: "Etorkizunari buruzko hausnarketa egiten dihardugu, eztabaida zabaldu dugu bazkideen artean eta Garaia Berrikuntza Gunean eztabaida hori bideratu eta ondorioak aterako ditugu erabakitzeko zela egin behar dugun etorkizunerako bidea"

Elkarlanerako aukera handiak

Bestalde, Irizarrek adierazi du tokiko hedabideek duten berezitasunetako bat dela elkarlanerako motibo bateratua dutela: "Euskara eta euskararen aldeko funtzio soziala (…) Ez da segurua baina detektatu duguna da egoera honetatik irteteko elkarlanean inoiz baino aukera handiagoak daudela. Hori baliatuta gura dugu erantzun euskara hiztun komunitateari merezi duten hedabideak antolatuz". 

Gureko hedabideek "indar handia"

Bukatzeko, tokiko hedabideen garrantzia ere azpimarratu du Irizarrek: "Beste gauza batzuk falta direnean hedabideak oso garrantzitsuak dira. Funtzionatzen dute komunitate-egile moduan eta gurean indar handia dute gertuko komunikazio beroa lantzen dutelako. Hortik asko egin daiteke euskararen mesedetan, eta euskarak ematen digu indarra elkarlanean jarri eta aurrera egiteko". 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak