Landa dirulaguntzak lortzeko baldintzak arindu egin dituzte

Leire Kortabarria 2012ko maiatzaren 30a

Nekazaritza iraunkorragoa sustatzeko, hain intentsiboa ez den abeltzaintza laguntzeko eta lurreko baratzezaintza garatzen laguntzeko, Foru Aldundiak 2012-2013 urteetako Landa Garapeneko diru-laguntzen deialdia zabaldu du. Denera 2.300.000 euro izango dira ustiategien artean banatuko direnak, nekazaritza ustialekuak modernizatu eta nekazari gazteak laguntzeko. Aurten, gainera, baldintzak arindu egin dira, subentzioak ahalik eta gehien zabaltzeko.

Subentzioak, gehienez ere, 100.000 eurokoak izango dira eta eskatu ahal izateko inbertsioaren kopuru minimoa jaitsi egin da aurtengo deialdian: lehen gutxienez 6.000 euroko inbertsioa exijitzen zen eta orain berriz 3.000 eurora gutxitu da minimo hori. Horrekin, Aldundiak sektorean subentzioak ahalik eta gehien zabaltzea du helburu.

Eskaerak egiteko epea dekretua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzetik uztailaren 20ra bitartean izango da.

Aurtengo diru-laguntzak banatzeko sistema erabat aldatu da eta ez da konpetitiboa izango, baizik eta baldintzak betetzen dituzten guztiengana iritsiko da. Hortaz, aurreikusitako diruarekin eskaera guztientzat iritsiko ez balitz, prorrateoa edo banaketa proportzionala ezarriko litzateke. Onuradunak gutxienez 10 urtez jardun beharko du nekazaritzan, dirulaguntza ematen zaionetik kontatzen hasita.

Egingo diren inbertsioek nekazaritza ustialekuaren errendimendu orokorra hobetu beharko dute: makineria eta ekipo berriak, fruta arbolak landatzea, e.a.

Bestalde, laguntza kopuruak portzentaje batean handitzen dira honako kasuetan:

    •    Ekoizpen ekologikoak direnean.
    •    Dirulaguntzaren onuraduna titulartasun partekatuko entitate bat bada.
    •    Inbertsioak lurreko baratzezaintzara eta lorezaintzara zuzenduta dauden ustialekuetan.
    •    Jarduera osatzea xede dutenak dibertsifikatzera zuzenduta badaude.
    •    Desjabetze edo interes publikoa dela eta instalazioak lekuz aldatu behar direnean. Kasu hauetan ez da portzentajea handitzen, laguntza %20koa da kasu guztietan.

Gazteei, %20 diru gehiago

Laguntza mota guztiak handiagoak izango dira nekazari gazteek eskatzen badituzte: %20 handiagoak, hain zuzen ere. Bestalde, 40 urtetik beherako nekazari berriek diru laguntza bereziak izango dituzte ustialekuetan jarduten hasteko. Laguntza hauek bi eratakoak izango dira:

    •    Nekazaritzako ustialeku baten instalatzeko behar diren gastuak laguntzeko (280.497 euro banatuko dira 2012-13-14 urteetan).
    •    Gastu eta inbertsioak estaltzeko nekazari gazteek hartutako maileguen interesak arintzeko (243.302 euro banatuko dira 2012-13an).
 
Bestalde, bigarren dekretu baten jasotzen denez, Gipuzkoako landa garapen elkarteen bidez beste 1.716.000 euro eman zaizkio lehen sektoreari, 179 proiekturi laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak