Basque Culinary Centerrek udaleku gastronomikoak jarri ditu abian

Goiatz Arana Begiristain 2012ko mai. 29a, 16:43

Hazi korporazioarekin lankidetzan antolatu ditu eta gastronomia gustuko duten 14-17 adin tarteko gazteei zuzenduta egongo dira. Programa ekainaren 29an hasi eta uztailaren 8an bukatuko da, Itxasmendikoi Fraisoro Nekazaritza Eskolan. 

Hamar egunez, guztira 24 neska-mutilek gastronomiaren sekretuak ikasiko dituzte. Horretarako, Aitzol Zugazti Basque Culinary Centerreko irakaslea eta chefa izango dute lagun. Horrez gain, zenbait monitore izango dituzte, sukaldaritzari lotutako lantegi praktiko, irteera eta bisitetarako.

Izena ematen duten gazteek errezeta tradizionalak eta sukaldaritza berritzaileko teknikak ikasiko dituzte eta aukera izango dute sukaldaritzaren sekretuak ezagutzeko, arrantzontzi batean ontziratzeko, artzain batekin gazta egiteko eta ogia egiteko, besteak beste.

Baratzezaintzan, abeltzaintzan eta hegaztizaintzan adituak diren Itxasmendikoi Fraisoro Nekazaritza Eskolako irakasleak produktuarekin zerikusia duten irakasgaiez arduratuko dira, eta nutrizioko eta dietetikako adituek ere parte hartuko dute.

Jaki eta sukaldatze modu ezberdinak

Askotariko jaki eta sukaldaritza moduak jorratuko dituzte: lekaleak eta zerealak; haragia eta parrilla; ogia eta pizza; pasta eta arrozak; frutak, barazkiak eta belar aromatikoak; esnekiak; arrainak; sukaldaritza sortzailea; txokolatea eta postreak; euskal sukaldaritza tradizionala eta nazioartekoa; pintxoak; eta, azkenik, dastatzea.

Informazio gehiagorako: 902 54 08 66.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak