Gizarte Politikako diputatuak, Ander Rodriguezek, gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak apirilean iragarri zuela Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza berri bat jarriko zela martxan, AGI izenez ere ezagun egin dena. Eusko Jaurlaritzak zorroztu egin ditu ohiko dirulaguntza sozialak jasotzeko baldintzak: hala, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE, gaztelaniaz RGI) jaso ahal izateko, gutxienez hiru urtean erroldatuta egon behar da EAEn.
Gizarte langileak informatzeko epea
Gizarte Politikako Departamentuak lurraldeko gizarte langileak dekretuaren gainean ondo informatzeko erabiliko du denbora hori. Eskuliburu bat banatuko die, laguntza sozial berri honen kudeaketa errazteko asmoarekin. Eskuliburu hori ekainaren erdialdean egingo den bilera informatiboan banatuko da, eta horrela amaituko da udal arduradunekin irekitako partaidetza prozesua.
Eragile zein teknikarien eskuetatik jaso eta testuan barneratutako proposamen gehienak teknikoak eta praktikoak izan dira.
Rodriguezek eskerrak eman ditu bai hirugarren sektorearen bai udal arduradunen laguntzagatik. Izan ere, “horien guztien ekarpenei esker hobetu egin da pobreziaren kontrako dekretu hau, hiru urtez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotearen baldintza egiaztatzerik ez dutelako Eusko Jaurlaritzak babes saretik kanpo utzi dituen pertsona horiei guztiei gutxieneko diru sarrerak bermatuko dizkien dekretua, alegia”.